Ordiziako Udalak kultur azpiegituren antolaketa berria egiteko abian jarritako parte hartze-prozesua amaitu da. Bertan, kultur eragileekin batera, Kultur Triangelua osatzen duten eraikinetako espazioak (Barrena, Herri Antzokia eta Dorrea) definitu dira. Horrez gain, Herri Antzokia eraikin osoaren espazioen banaketa ere zehaztu da.

Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea: “Kultur eragile eta partaide guztiekin batera adostu dugu Herri Kafe Antzokiaren diseinu osoa. Izugarrizko arrakasta da hori”. Hala, eraikin osoa berreskuratzeko bide-orria finkatu da, eta hurrengo pausoak eraikina babesea eta proiektua gauzatzeko finantziazioa lortzea izango da.

Hiru eraikuntza nagusik osatzen dute Kultur Triangelua: Barrenak, Kafe Antzokiak eta Dorreak. “Eragileekin parte hartze prozesu baten bidez erabaki da espazio bakoitzean zer egingo den. Parte hartze prozesu arrakastatsua izan zen, aho batez onartu genuen eraikin bakoitzean zein elkarte/eragile/funtzio kokatuko ziren”, gehitu du.

Hala, dagoeneko amaitu da prozesua. “Parte hartze prozesu honetan erabaki dugu azpiko solairu honetan, Domingo Unanue plazari irekita, herri kafe antzokia nola artikulatu nahi dugun. Azkenean lortu dugu partehartzaile eta eragile guztiekin herri kafe antzokiaren diseinua zehaztea, zein izango den hemen beheran egongo diren aretoen dimentsioak, programa, kokapena… “

“Herri Kafe Antzokia eraikin osoa berreskuratzeko bide-orria finkatuta dugu”, nabarmendu du alkateak. Hurrengo pausoak izango dira eraikina babestea, finantziazioa lortzea. Hasiera batetik erronka garrantzitsu bat planteatu zutela agertu du, kultur espazio guztiak definitzekoa, hain zuzen ere. “Herriko eragileek elkarlanean egin dute lan”.

“Hasiera batean ematen zuen oso lanketa zaila izango zela eragile asko daudelako, baina aho batez, erabateko adostasunez erabaki bat lortzea izugarrizko arrakasta dela eta eragile guztiak pozik daudela emaitzarekin”, amaitu du Ezenarrok.