Udazkeneko hitzorduari leial, azaroan 6an, igandean, hasiko da Ordizian BARROKO AIRE, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XXVII.ekitaldia. Eta jaialdi horrek Ordizian segituko du hilabete horretako igandeetan; herriko Parrokian lau kontzertu egingo dira 18:30etan, Ordiziako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Sarrera doakoa izango da.

Lander Mujika, kultur zinegotziak azaldu du aurten ere Barroko Aire zikloaz gozatzeko aukera izango dugula Ordizian: "ohore bat da berriz ere barroko aireko zikloan lau kontzertu hauetaz gozatzeko aukera izatea. Azaroko igandeetan egiten dira emanaldi hauek, doakoak dira, eta punta puntako musikariak izango ditugu. Beraz, ordiziarrei zein interesa izan dezakeen edonori dei egiten diogu ziklo honetaz gozatzera etortzeko".  

 

BARROKO AIRE horizontal

Aurtengo egitaraua azaroaren 6an irekiko da, “BachJazz - Bach Inmortal” programarekin, Kea ahots taldearekin eta Iñaki Salvador pianistarekin. Kea ahots taldearen eta Iñaki Salvador piano-jotzailearen arteko lankidetza proiektua da BachJazz, Iñaki Salvadorrek berak moldatutako Johann Sebastian Bach-en lanetan oinarritua. Barrokoaren bokaltasunaren eta Iñaki Salvador pianistaren hizkera jazzistikoaren arteko fusio programa. Jesu, meine Freude bachiar motetearen berrirakurketa batean zentratua.

Azaroaren 13an, Oniria antzinako musika taldeak "Huehuetenango, Ministriles de Guatemala" programa eskainiko du. ONIRIA antzinako musikan espezializatutako ziklo ezagunenetako batzuetan parte hartu duen musika historikoaren taldea da, sakabutxe talde bat da, errenazimenduaren eta barrokoaren tronboi berezia, gaur egungo haga-tronboiaren aurrekaria dena. "Talde Onenaren" eta "Disko Grabazio Onenaren" publikoaren sariak jaso ditu Espainiako Antzinako Musikaren VI. GEMA Sarietan.

Azaroaren 20an, Conductus Ensemble formazioa aurkeztuko da, Barroko Aireren programazioan klasiko bat, aurten zortzigarren aldiz parte hartuko du programan, Andoni Sierrak zuzenduko du eta Bachen obrak eta Domenico Scarlattiren Stabat Mater 10 ahotsetara interpretatuko ditu.

Eta edizio honi amaiera emateko, azaroak 27an, Oiasso Kamerata talde irundarrak proposamen interesgarri bat aurkeztuko du, "Barrokoa edo ez barrokoa" izenburupean. Proposamen horrek, alde batetik, obra barroko batzuk eskainiko ditu, eta, bestetik, beste obra garaikide batzuk, barroko estilokoak edo musika barrokoari keinu egiten diotenak.

Azaroko igandeetan barrokoaren airearekin hitzordua Ordiziako Parrokian. Berriz ere interprete eta musika-talde kontrastatuak aurkezten dituen ziklo honetako musika barrokoak errepertorio interesgarria eskaintzen du, maila altuaren erakusgarri, eta ordiziar parrokiako akustikaz disfrutatzeko eta gozatzeko aukera paregabea.