Udalbiltzaren 'Geuretik sortuak' egitasmoan Oier Zuñigak ondutako 'Eresia. Lurra arin bekizu, ama' antzezlana taularatuko dute datorren ostiralean, hilak 9, Herri Antzokian, arratsaldeko 19:30ean. Dagoeneko emanaldirako sarrerak salgai daude Herri Antzokian bertan.

Oier Zuñigaren proiektuan hiru lagun izango dira oholtza gainean: Zuñiga bera, Belen Cruz eta Eneko Gil dantzari oiartzuarra. Bergaran egindako egonaldian sortu dute  “Eresia. Lurra arin bekizu, ama” pieza. Dolua gaitzat hartuta antzerkia eta dantza fusionatzen duen Eresia ikuskizuna sortu dute Belen Cruz, Oier Zuñiga eta Eneko Gil aktoreek, Geuretik sortuak bekari esker. Ikuskizunak espazio sinboliko eta estetiko bat eskaintzen dio doluari, eta heriotzak dakarren minari buruz publikoki eta kolektiboki erreflexionatzea da bere helburua.

Obra honekin, heriotzak ekartzen dituen dolu eta minaren inguruko hausnarketa egin nahi izan du aktoreak. Obraren izenburuak dioen moduan, ama hiltzen da antzezlanean, eta musikaz eta dantzaz baliatzen da heriotzaren inguruko gogoeta egiteko. Eresiak, berez, hildakoei gorazarre egiteko kantuak dira, baina dagoeneko amari agur egiteko kantarik ez duela dio aktoreak obran.

Bestalde, zenbait galdera ere planteatzen ditu. Esaterako, maite dugun norbait hiltzen denean, zer egin dezakegun, edo nola agur dezakegun. Izan ere, ohiko dolu errituak normalean ez dira nahikoak izaten. Horrenbestez, beste mota bateko dolu kolektiboa proposatzen du, tresna poetikoak eta ekintza eszenikoa erabiliz.

Antzezlanaren sipnosian segidako aipatzen da: “Ama hil da, hori da egia. Kantu bat, dantza bat, erritu bat... lore bat eskaini nahiko nioke. Hildakoei gorazarre egiteko abesten ziren bertsoak dira Eresiak, baina nik jada, ez dut kanturik hildako ama agurtzeko.   Maite dugunaren heriotza datorrenean, zer egin? Nola agurtu? Nola begiratu bizitzari? Maitasuna da akaso guztiaren erantzuna?

Dolua arintzeko asmoz, arte praktiken bidez, nahi bezain besteko dispositiboak aktibatzeko aldarria da proiektu hau,  heriotza eta honek dakarren doluaren imajinarioa XXI. mendeko kodeak gehituz eta praktika estetikorako proposamenak eginez.

Antzerkia eta dantza uztartzen dituen proposamen interesgarria ostiral honetan arratsaldeko 19: 30etan Herri Antzokian.