IGN1381revPausoka eta Glu Glu produkzioak "GOENKALE – (Kondesaren erretratua)" antzezlana eskainiko dute

Ostiral honetan, hilaren 15ean, 22:15etan Ordiziako Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren bigarren saioa izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Pausoka eta Glu Glu produkzioak, "GOENKALE – Markesaren erretratoa" aurkeztuko dute. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

'Goenkale' telesailak 18. urtea bete du emisioan. Heldutasunera iritsi dela esan genezake, urteei erreparatzen badiegu. Marka bikaina da, eta ikus-entzuleei urte hauetan guztietan emandako babesa eskertzeko, 'Goenkale' zuzenean ikusteko aukera emango diete Pausoka eta Glu Glu ekoiztetxeek, antzezlan baten bidez: Goenkale, Kondesaren erretratua. Horixe da egitasmo honen xedea. Ez da erronka hutsala. Euskal telebistan marka guztiak hautsi dituen telesail arrakastatsua antzezlan bakarrean txertatzea egitasmo zirraragarria da.

Goenkale, Kondesaren erretratua antzezlanean telesailari arrakasta eman dioten elementuei (intriga, maitasun istorioak), barrea eragingo duen komedia gaineratu diete. Ikusleen gozamenerako atondutako egitasmoa da, eta sorpresa bat edo beste ere egongo da; esaterako, 'Goenkale'ren hastapenetako pertsonaien gainean orain arte ezkutuan izan den daturen bat ezagutzeko aukera izango da.

Arralden bizi izan diren eta oraindik bertan bizi diren sei lagun Urreta landetxean elkartuko dira asteburu-pasa. Asteburu kezkagarria izango da, inondik ere. Intrigaz betetako asteburua. Umorez eta maitasunez betetako asteburua. Hori guztia baita Goenkale.

Goenkale-ren genero nagusia drama da; baina antzezlan honek, zalantzarik gabe, badu bestelako ukitu eta xarma berezia: "Antzerkira eramateko orduan, bestelako ukitua eman behar diogu. Oso dibertigarria da eta ikusleak oso ondo pasatuko du, ez du aspertzeko une bat ere izango".

Denak dira Goenkale-ko pertsonaia ezagunak: Itsaso, Ibon, Andoni, Rakel, Nelson eta Eider. Kronologikoki Goenkale-ko pertsonaiei gertatzen zaienak ere badu jarraipena. Hala, Goenkale-ren jarraitzaile sutsuek gustura jarraituko dute istorioa. Baina jarraitzaile ez direnek ere erraz jarraituko dute antzerki lanaren trama.

Jokin Oregi antzerki zuzendariak zuzendu du lana. Egun telesailean ari da gidolanetan, eta barne-barnetik ezagutzen du, beraz, Goenkale-ren arima. Oregiren esanetan, "zaila" da hainbeste urte ordubete eta hogei minutuko antzezlan batean labubiltzea, baina ahalik eta "lanik profesionalena eta txukunena" egiten ahalegindu direla argi utzi nahi izan du.

Ondorengoak dira, Jokin Oregiren zuzendaritzapean, antzezlaneko aktoreak: Xabier Perurena (Ibon), Ylenia Baglietto (Eider), Felix Arkarazo (Andoni), Maria Cruickshank (Itxaso), Yannick Vergara (Rakel) eta Carlos Nguema (Nelson).

Hitzordua ostiral honetan Ordiziako Herri Antzokian gaueko 22:15ean. Sarrerak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean