Ostiral honetan, hilaren 4an, Ordiziako Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren hirugarren saioa izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Tanttaka  Teatroak “Nire semea pixka bat motelago ibiltzen da” lana aurkeztuko du. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

Ivor Martinic egile kroaziarraren obrak hainbat sari jaso ditu, eta Tanttakaren bertsioan Fernando Bernuesek zuzentzen du aktore hauen taldea: Miren Arrieta, Klara Badiola, Mireia Gabilondo, Asier Hernández, Ander Iruretagoiena, Xabi "Jabato" López, María Redondo, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz eta Dorleta Urretabizkaia.

Mia ezinbesteko emakume bat da, beste asko bezala; ezinbestekoa bere etxeko eguneroko bizitzan. Bere deabruen aurka borrokatzen du, ama, aita, alaba eta senar “disidente” bat zaintzen dituen bitartean, baina norbaitengan jartzen badu bere indarra, bere seme Brankorengan da, pixkanaka mugikortasuna galarazten ari zaion izen gabeko gaixotasun bat baitu. Gaur, Brankok 25 urte bete ditu, eta bere familia “akastunak” (gaur “disfuntzional” deituko genioke) festa bat prestatu dio. Hori izango da abiapuntua inoiz garrantzitsua izan zenaz eta gure arreta guztia merezi duenaz hitz egiteko, umorez, xalotasunez eta zintzotasun basatiz: oroimena, familia, denboraren joana, desberdina dena onartzea, gaztetasuna, maitasuna, beldurra, bakardadea, edertasuna, abandonua, eromena, gaixotasuna... Bizitza.

“Nire semea pixka bat motelago ibiltzen da” testu bikaina  da eta ez da hitz egiteko modu bat. Sari ugari jaso ditu eta hainbat eta hainbat herrialdetako agertokietan ari dira antzezten, etengabe. Familiaren etxea izango da kokalekua, eta hantxe biziko ditugu hainbat egoera; batzuk barregarriak, beste batzuk krudelak edo hunkigarriak, eta asko sailkatzeko zailak.

Pertsonaien adin aniztasuna deigarria da oso: aitonaamonak, amak, seme-alaba nerabeak, denetarik dago, eta erregistro zabal horrek piezari barietate eta aberastasun izugarria ematen dio. Bestalde, harrigarria da testua berehalako errealitate batean idatzita egon litekeela pentsatzea. Gure geografia industrialeko edozein auzo proletariotan kokatuta imajina dezakegu lasai asko, baita landa ingurunean ere, giro euskaldun batean.

Emanaldiaren egilearen edo pertsonaien izena jakin gabe, ez genuke inoiz pentsatuko Balkanetatik datorkigun istorio bat denik. Hori gertatzen da testu handiekin, argi eta garbi unibertsalak diren horiekin.

Edozein dramari aurre egiteko umorea, sinpletasuna eta zintzotasuna jomugan jartzen dituen obra. Sarrerak salgai Barrenan.