Ostegun honetan Ordiziako Udalak antolaturiko musika zikloa zabalduko du Mikel Urretagoiena baterijole ordiziarra herrian da bueltan Bizi Musika zikloari hasiera emateko. Ander Garcia (kontrabaxua) eta Iñigo Ruiz de Gordejuela (pianoa) musikariekin batera. Emanaldia 19:30ean izango da, eta abonoak ziklorako eta sarrerak kontzerturako Herri Antzokian eta Kutxabank-sarrerak webgunean daude salgai: Sarrerak

Mikel Urretagoiena Ordizian jaio zen, 1991n. Jazz Bateriaren Interpretazioan graduatua da Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan (Musikene), eta bertan, besteak beste, Jo Krause, Guillermo McGill, Bob Sands, Joaquín Chacon eta Mariano Díaz musikarien klaseak jaso ditu. 2016an Master ikasketak amaitu zituen Groningenen (Holanda). Garai honetan, bost hilabetez New Yorkera joan zen, Ari Hoenig, Kendrick Scott, Mark Guiliana, Nate Smith, Ziv Ravitz eta Nasheet Waits bezalako jazz artista handien eskolak jasoz. Gaur egun, Madrilen bizi da, eta irakasle eta musikari gisa egiten du lan, estatu eta nazioarte mailan sona handia duten musikariekin batera joz. The Machetazo, Dani Pozo 4tet, Ander García Trío eta Wasabi Hurricane proiektuetako kide aktiboa da.

Herri Antzokian aurkeztuko duen emanaldian,  azken urteetan konposatutako kantuak aurkeztuko ditu hirukote formatuan (pianoa, kontrabaxua eta bateria). Urretagoienak izan dituen proiektu ezberdinen eta ibilbide profesional zabalaren islada izango da emanaldia. Hainbat musika estilo entzun ahal izango ditugu bertan, momentuoro inprobisazioa erdigunean jarriz. 

Urretagoienarekin batera Ander Garcia kontrabaxu jotzaile barakaldarra izango da. Garcia izen handiko musikariekin batera aritu da, hala nola Jeff Berlin, Rodney Kendrick eta Rhonda Ross, Jorge Pardo… Lau disko kaleratu ditu: Live in BBK, Amahiru, Ttun Kurrun eta Hiru. Baxu eta taldeetako irakaslea da Alfontso X.a Unibertsitatean eta Madrilgo Esmuva eskolan.

Eta hirukotea osatzeko Iñigo Ruiz de Gordejuela (Mendaro, Gipuzkoa, 1994) musikari familia batean jaiotako jazz pianista eta konpositorea izango dugu. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan pianoko gradu profesionala amaitu ondoren, Bostongo Berklee College of Music-era joan zen jazz ikasketak egitera. 2016an New England Conservatoryko beka jaso zuen master bat ikasteko. 2019an Surrogate Activities Nonet argitaratu zuen, Bostonen (AEB) grabatua.

Musika proposamen interesgarria ostegun honetan Herri Antzokian.