Ahozkotasunari lotutako hainbat ekintza izan dira aste hauetan Ordizian, eta joan den ostiralean ekimen garrantzitsuenetako bat ospatu zen: IX Ahozko Ipuin Narrazio lehiaketa. Bertan, Nagore Leon markinarra gailendu zen. Oraindik ere emanaldia ikusi nahi duenak, Ordiziako Udaleko Youtube kanalean aurkitu dezake Gala Nagusiaren erretransmisioa.

Hiru partaide izan ditu aurtengoan narrazio lehiaketaren finalak: Monika Arratibel (Ataun), Sorgin lapurra ipuinarekin; Nagore Leon (Markina) On Galarraga eta sorgina ipuinarekin; eta azkenik Ane Arrugaeta (Gasteiz) Patxiku ipuinarekin. Gustura aritu ziren hiru partaideak, nor bere estiloan.

Aurkezle lanetan Iñaki Carretero kontalaria aritu zen aurkezle lanetan, eta epaimahaia honako taldeak osatu zuen: Iñaki Carretero, Maider Alcelay, Jokin Irungaray, Kattalin Salaberry, Joxe Mari Karrere eta May Gorostiaga kontalariek.

Behin lehiaketako ipuinak entzun ondoren, epaileen puntu kontaketa burutu bitartean epaimahaia osatzen zuten kontalarien ipuinak entzuteko aukera izan zen. Gonbidatu berezia egon zen ostiraleko Gala Nagusian, izan ere, Ruben Martinez Santana venezuelarra bertaratu zen, eta kontaketaz gozatzeko aukera eman zuen honek ere.

Azkenean, epaimahaiaren emaitzek Nagore Leon egin zuten irabazle, bigarren postua Monika Arratibelentzat izan zen, eta hirugarrena, berriz, Ane Arrugaeta.

Modu honetan amaitu da aurtengo 2021 Ahoz Aho jaialdia. Ipuinek jarrai dezatela haien bidea, han eta hemengo plazetan ipuinez gozatzeko aukera eskainiz.