OSTEGUNEAN IÑAKI SALVADOR ETA LOYOLA GARMENDIA "BIZI MUSIKA" ZIKLOAREN AMAIERAN

horizontal IÑAKI LOYO WEB

“REAL BOOK VOLUME I” IÑAKI SALVADOR & LOYOLA GARMENDIA 

Abenduak 10, osteguna, 19:00 h.

 Ostegun honetan, hilaren 10ean, 19: 00etatik aurrera, "Bizi Musika" zikloko azken kontzertua, Udaleko Kultura Sailak antolatua. Iñaki Salvador piano-jotzailea eta Loyola Garmendia, Golden Apple Quartet taldeko abeslaria, Herri Antzokiko oholtzara aterako dira, jazz musikarien Bibliaren aitzakia bakarrarekin: "Real Book Vol.1", ausaz aukeratutako partiturak interpretatzeko, betiere umore klabean.

 REAL BOOK bat-bateko saioa da, non bi maisuk kanta hautatu batzuk jo eta kantatzen baitituzte, zein baino zein harrigarriagoa. Lotutasunik gabeko emankizuna, interpreteen kalitatea eta agertokian darabilten konplizitatea batzen dituena, beste inork ez bezalako ukitu dotore hori ematen diotela.

Bi lagun kafetegi batean biltzekotan geratu dira hitz-aspertu bat egiteko. Bi lagunok, Loyolak eta Iñakik, kantaria bata eta pianojolea bestea, agertokian egin dute topo, jendaurrean, eta, nahi gabe, bat-bateko saio bateko protagonista bihurtzen dira ia oharkabean. Eskuetara iritsi zaie behiala legez kanpokoa zen liburu bat, Real Book delakoa. Nola edo hala irten behar dute ataka gaitz horretatik, eta erruleta errusiar ausart bezain ziurtasunik gabe bati ekiten diote: liburu zaharra edozein orrialdetan ireki, eta onik irteten saiatuko dira kantatuz eta joz, eta, gainera, askara edo beiraren edukiontzira jaurti ditzaten baino lehen ihes egiten.

Abentura ero eta jostagarri horretan, jazzeko, souleko, zineko klasikoak aireratuko dituzte, Broadwayko musikala, eta aire brasileiroren bat edo beste, trumilka lehertuko zaiena tekla artean, estiloen nahaste gisa... Angel eyes, My way, Gran Torino, Singin ́In the rain, Bewitched o You are the sunshine of my life eta beste pieza batzuk, liburutik bikote lotsagabe honen aho- eta piano-kordetara zuzenean.

Ezin hobeto pasatzen dute beren ausartean; eta zuek, ausartuko al zarete? “Emankizun jostagarria, bi maisu hauek batera ikus-entzuleen gozamenerako eskaintzen dutena”.

Sarrerak aldez aurretik salgai: Kutxanbank-sarrerak (webgunean eta kutxazainetan) eta Herri Antzokian.

Loyola Garmendia Estornés Musikaria lanbidez, Musikako Goi Kontserbatorioan ikasia da, eta Baionako Kontserbatorioan egin zituen Kantu Lirikoko ikasketak. Golden Apple Quartet-eko kidea eta musika-zuzendaria da taldea sortu zenetik gaur arte. Europa osoko agertokirik eta telebistarik onenetan izan da 25 bost urte baino gehiagoz. Honako emankizun hauek sortzen jarduna da: Como tan solo los Negros...,Sin 4 instrumentos, Radio Golden, Erase una vez 17 años Golden, Los Golden en serio,Los Golden en blanco y negro, La orquesta con cierto estilo Golden (Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin). Gainera, Galipotx, Karabas eta Goibel ikuskizunetako musika-zuzendaria izan da. Disneyrekin jardun du lankidetzan Toy Story 2 eta La mansión encantadaren gaztelaniazko bertsio musikatuetan. Zuzendaria eta kantaria La Isla del Cangrejon, zeinak animazio-film onenari emandako Goya bat irabazi baitzuen.

 Iñaki Salvador Gil Donostiako pianojole, moldatzaile eta konpositorea. Prestakuntza klasikoa jaso eta gero,laster jo zuen jazzera eta telebista, zine, antzerki eta dantzarako musika konposatzera.  Artista handiekin jo izan du; besteak beste, Jesse Davis, Alvin Queen, Bob Sands, Jean Toussaint, Charles Tolliver, Terel Stafford, Grant Stewart-ekin; bai eta Espainiako jazz-musikarigehienekin ere, 80ko hamarkadatik gaur arte (Perico Sambeat, Javier Colina, Chano Domínguez, Pedro Iturralde, Mikel Andueza, Joaquín Chacón....). 14 disko atera ditu lider gisa, eta hainbat estilotako artisten 60 produkzio baino gehiagotan hartu du parte: euskal musika, pop-rocka, soinu-bandak, “new age”, eta abar.  Hainbat sari irabazi ditu, hala nola Tete Montoliu I. Saria edo bakarlari onenaren saria nazioarteko zenbait lehiaketatan, hala nola Donostiako Jazzaldian eta Getxokoan. Lan asko egina da irakaskuntzan ere, 7 urtez Zarauzko Nazioarteko Jazz Mintegia zuzendu du, eta gaur egun jazz-pianoko irakaslea da Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian (Musikene).