IGANDEAN HAUR ANTZERKIA BARROKO AIRE ZIKLOAREN BARRUAN - BARROKO TXIKI ANTZERKIA

LAU

Igandea 15 – 16:30. Herri Antzokia.  "Salto! Sorkuntza" taldearen eskutik  "Lau"antzerki  lana.

Aurten, Barroko Aire zikloaren osagarri berezi gisa, haurrentzako eta familientzako programa berezi bat sortu da, "Barroko Txiki" izenekoa, eta datozen zikloetan jarraitzeko asmoz sortu dena. Horrela, bada, jende guztiarentzat, baina bereziki 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat, zuzendutako antzezlan familiar bat ere programatu da. Musikatik abiatuta egindako kontakizuna da, Vivaldiren "lau urtaroak" lanean oinarritua, eta Salto Sorkuntzak taldeak ekoitzi du.

 Vivaldiren partitura ospetsua abiapuntu bezala hartuta, istorio    honetako narratzaileak eskutik hartu eta lau urtaroetatik bidaiatzera eramaten gaitu. Musikak natura iradokitzen digu: geogralia, klima, usainak, zaratak... Eta gorputza, egoera bakoitzari lotuta doakion emozio eta gertaerei egokituz adierazten da, abentura eta gertakari ezberdinetan murgilduz. Jantzi eta objetuen bitartez, eraldaketa harrigarriak lortzen ditugu, beti ere irudimenarekin jostatuz. Objetuek bizitza ezberdinak dituzte; bufanda bat ez da soilik bufanda bat...

Hitzekin ere jolasten dugu, eta poesiak badu bere lekua. Haikuen bitartez, pertsonaiak momentuaren edertasuna harrapatu eta helerazten dio publikoari.

Unibertso zabal bat da LAU; denbora laburrean istorio bat beste baten barruan eta horren barruan beste bat kontatzen diguna... Txikitxoei atentzioa lapurtuko dien sorkutza bitxia eta dibertigarria, beraien zentzumenak sustatu eta beti erne mantenduko dituena, partaidetza aktiboa bultzatuz.

Salto! Sorkuntzak egitasmoa Marta Urcelayk eta Leire Uchak bultzatutako egitasmoa da.Arte eszenikoen munduan urte askotan ibiliak dira, bai antzerki, telebista edo zineman, beraiek sortutako laneki edo beste konpainia batzuekin lan eginez.

Lau haurrentzako ikuskizuna da, Lau hitzak dira, Lau musika da, Lau antzerkia da eta sentsazio mundu bat deskubritzeko aukera bat da, Vivaldiren "lau urtaroen" musikaren bidez.


Emanaldia igande honetan izango da, Herri Antzokiaren haurrentzako ohiko saioaren barruan; kasu honetan, ohiko ordutegian ordu laurden bat aurreratuko da, eta saioa 16: 30ean hasiko da. Sarrerak salgai Kutxabank-sarrerak eta Herri Antzokian bertan.