IGANDEAN BARROKO AIRE JAIALDIAREN BIGARREN KONTZERTUA: LAU SASUAK

LAU SASUAK

Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Barroko Aire kontzertu zikloarekin jarraituz, igandean, hilak 15, Ordiziako Parrokia Elizan, arratsaldeko 6:30etan, bigarren kontzertua entzuteko aukera izango dugu, BABX (Behi bideko Andere xuriak)  eta Lau Sasuak taldeen eskutik.

Baionako Arranoa laukoteak eta Ipar Euskal Herriko beste hainbat musikarik osatzen dute Lau Sasuak. “Arranoa taldeko Marina Beheretxe biolin jotzaileak sortu zuen proiektua, eta Antonio Vivaldiren Lau urtaroak euskal maneran, euskal saltsan egitea zen asmoa. Biziki ikuspegi argia behar zuen, eta bazuen”, esan du Mikel Etxekoparrek, proiektuko txistulari eta kantariak. Berak, dena den, zalantza ugari izan zuen hasieran. “Oso ezaguna da Vivaldiren lana, eta nik Marinari esaten nion Vivaldik ez zuela gure beharrik Vivaldi eta eder izateko, baina berak argi zuen baietz”. Beheretxek “oso ongi” ezagutzen ditu Vivaldiren obra eta Lau urtaroak sortu zeneko garaia, barrokoa. “Garai hartan, musika egiteko manera ez zen mende bat geroago egiten zena bezalakoa, eta hori oso ongi menderatzen du Marinak”.

Obra bera eta testuingurua ezagututa, “euskal manerara” ekarri zuten lana, eta hori eskainiko dute kontzertuan. “Ahozkotasuna sartu dugu, inprobisazio batzuk ere bai… Espiritu berriarekin, garai hartako espiritua berreskuratzen saiatu gara”, azaldu du txistulari eta kantariak. “Euskal instrumentuak ere sartu ditugu. Nik ezagutzen ditut hemengo kantagintza, txirula eta ttun-ttuna, eta horiek sartu ditugu; baita bertsoak ere”. Louis Ligetx koblakari eta idazle zuberotarrak Lau sasuak bertso sorta idatzita dauka. “Eta horiek ere berreskuratu ditugu. Horregatik deitu diogu Lau sasuak eta ez Lau urtaroak. Ahotsa, ttun-ttuna, txirula, txistua, txalaparta eta panderoa sartu ditugu hari laukotearekin batera”.

Vivaldiren obra “errespetatu” dutela dio Etxekoparrek, eta lan horretako hamabi mugimenduak jotzen dituztela eurek ere. “Urtaro bakoitzak hiru mugimendu ditu, eta hamabiak eskaintzen ditugu gure emanaldian. Ligetxen bertsoekin hasten gara”. Lau urtaroak izaki, naturarekin lotura daukaten doinuak ere izango dira entzungai. “Txorien txistuak, ardien zintzarriak, baserri munduari lotutako hainbat soinu… Vivaldiren hamabi mugimenduez, Zuberoako hainbat kanta ere jotzen ditugu.”

Vivaldiren "Lau urtaroak" lanaren bertsio original horren osagarri, BBAX- Behi bideko Andere xuria taldea ere arituko da. Marie Hirigoien Bidart, Mirentxu Agerre, Pantxix Bidart, Paxkal Indo eta Allande Etxeberrik osatzen dute taldea, eta taldeak a capella proiektu berri baten lanak erakutsiko ditu. Taldeak Allande Oihenart zuberotarraren XVII. mendeko olerkiak aukeratzen ditu errepertorio berria sortzeko oinarri gisa.

Aurreneko kontzertuan bezala, edukiera mugatua izango da, dagozkion segurtasun-neurriak bermatzeko eta kontzertuetarako gonbidapenak jaso behar dira Barrena Kultur Etxean (943805630).