Joan den igandean zabaldu behar zen Ordizian "Barroko Aire. Musika barrokoaren egunak” jaialdia, baina Covid-19ak  Ordizian eragindako egoerak ikusita hamar egunerako  zenbait jarduera bertan behera uztera behartu zuen, eta horien artean zikloa irekitzen zuen kontzertua. Epe hori igarota, berriro ekingo zaio kulturgintzari eta igande honetan Musbika Ensemble taldearekin hasiko da zikloa.

Musika barrokoa, beraz, protagonista, berriz ere interpretatzaile eta musika talde kontrastatuak aurkezten dituen ziklo batean, non eta errepertorio interesgarria eskainiko dute, maila altuaren erakusgarri. Edukiera mugatua izango da, dagozkion segurtasun-neurriak bermatzeko eta kontzertuetarako gonbidapenak jaso behar dira Barrena Kultur Etxean (943805630).

Hona hemen aurtengo egitaraua:

Parrokia /  18:30 h.

Azaroak 8: Musbika Ensemble “Antonio Gaztañetaren bidaia”

Azaroak 15: Lau sasua (Vivaldiren “Lau urtaroak”)

Azaroak 22: Vocalia eta Conductus Ensemble: "Le muse veneziane"

Azaroak 29: Thomas Ospital (organoa) eta Lucas Lipery-Meyer (tronpeta)

Abenduak 6: Euskadi Brass

Igande honetan Musbika Ensemble taldeak "Antonio Gaztañetaren bidaia" izenburuko ikuskizuna  aurkeztuko du. Kontzertuaren programan Josu Camara aktorea marinel paperean, Antonio Gaztañeta Mutrikuarraren gora-beherak kontatzen dizkigu. Kontakizunak kontestualizatzen du taldeak jotzen duen musika.

Euskal Herrian hainbat itsas-gizon garrantzitsu izan ditugu, tartean Antonio Gaztañeta (1656-1728). Musbika Ensembleak, Antonio Gaztañetaren bidaia ikuskizun honetan, bere itsasontzian bidaiatzeko aukera eskaintzen dizu, testu dramatizatu eta musikaren bitartez. Tripazko sokak, klabea, arku barrokoak, larruzko estalkiak eta barroko garaiko kriterio historikoekin interpretatutako musikak Antonio Gaztaiñetaren garaiko Mutriku herrira eramango gaitu bidaiari ekiteko.

Antonio Gaztañetak, denboran bakarrik ez, bere intsasuntzian, Europako eta Ameriketako hainbat herrialdetara eramango gaitu, eta bertako musika eta kultura ezagutzeko aukera emango digu, bidaian hainbat bataila eta ekaitzi ausardiaz aurre eginaz.

Musbika musikaren sentsibilizazio eta difusiorako lan egitea helburu duen musika konpainia bat da. Musikari lotutako hesi eta etiketak hautsi eta arte hau txoko guztietara zabaltzearen nahiarekin lan eginaz, edonork musika estilo ororekin harritu eta gozatzeko aukera izan dezan.

Musika klasikoa eta antzinako musika pertsona ororengana iristeko dauden oztopo eta clichéak gainditzeko asmoz, musbikak, berritasunez hornituriko MUSBIKA ENSEMBLE proiektua aurkezten dizu, eszenaratze fresko eta dinamiko baten bitartez. Pertsona orok izan dezan musika honekin gozatu eta harritzeko aukera.

Ganbera musika talde honek, 2016ko abenduan ekin zion bere ibilbideari Elgoibarren. Abenduko estreinaldiari, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalekin elkarlanean antolatzen dituen Azkoitiko eta Zarauzko jaialdiekin eman zion jarraipena taldeak. Abuztuan berriz, Bizkaiko Foru Aldundiak udalekin elkarlanean antolatzen duen Lekeitioko “Itxas-soinuak” Jaialdian aritu zen, eta azaroan berriz, Ordiziko “Barroko Aire” jaialdian. 2018a Bilboko “Musika-Música” jaialdiarekin estreinatu zuen ensembleak eta abuztuan hiri berean aritu zen Aste Nagusiko musika klasiko zikloan. 2019an berriz “Musika-Música" jaialdira itzuli zen eta urteari Arabako Antzinako Musikaren Astea, Bergara, Plentzia eta Oñatiko emanaldiekin eman zion amaiera. 2020an berriz, hiru jaialditan egin du estreinaldia, Mutrikun, Bakioko "Musika Astea”n eta Amorebieta-Etxanoko “Eleizetan” jaialdian.

"Barroko Aire" zikloaren hasiera igande honetan, 18: 30ean, parrokian. Sarrera doakoa da, gonbidapena jaso ondoren, Barrena Kultur Etxean.