Ikasturte berriaren hasierakin, pixkanaka, Ordiziako kultur bizitza martxan jartzen ari da, eta urteko azken lauhilekoak ekitaldiz betetako kultur agenda bat agintzen du, Udaleko kultura saila lantzen ari den beste berrikuntza batzuekin batera.

Horrela, lau proposamen biltzen dituen musika ziklo interesgarri bat iragarri da, hemendik abendura bitartean, eta Herri Antzokian ikusi ahal izango dira. Euskal Herriko musikariak bilduko ditu zikloak, publiko guztiarentzako kontzertuetan. Ostegunetan eta arratsaldeko 20: 30ean izango dira.

Datorren ostegunean, hilak 17, Amak taldeak irekiko du zikloa. Amak amak dira eta lau. Lau trikiti edo lau pandero eta lau ahots. Lau izenen lehen letrarekin osatutako taldea eta, gainera, lauak amak dira. Amak ikuskizun biribila eskainiko duen taldea da: Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribar (Maixa ta Ixiar), Amaia Oreja (M-n Ezten) eta Kristina Solano (M-n Ezten). Euskal Herriko folk musikaren ertzak betiko moldeetatik atera eta proposamena gorpuztu nahi dute plaza arruntetatik kanpo. Ikuskizuna bitxia eskainiko digute trikiti, pandero eta ahotsen hamaika bariazio edo konbinazioekin, eta horrela lortuko dute kantuei formula berriak lantzea.

Urriaren 8an, osteguna, proposamen musikal interesgarri baten txanda izango da: Amorante. 20 urteko ibilbidean hainbat proiektutan parte hartu duen Iban Urizarren proiektu pertsonala da Amorante. Urizar Euskal Herriko musika esperimentalaren eta inprobisazio librearen eszenarekin lotuta dago, Bizarra edo Mengele quartet, popa edo rocka bezalako proiektuetan Joseba Irazoki edo Rafa Ruedaren bandetako kide gisa ibilia edo folkean Joseba Tapia musikariarekin batera.

Azaroaren 19an, ostegunean, Maria Berasarteren ahotsaz gozatzeko aukera izango dugu. "Lurra eta Bidea" bere proiektu berria aurkeztuko du, non bere istorioa irudikatzen duen, bere lurrari eta jatorriari oda moduan. “Lurra eta Bidea” Maria Berasarteren proiekturik pertsonalena eta originalena da. Bertan, bere euskal sustraiak erakutsiko ditu, beste musika estilo batzuetan zehar egindako bidaia, non lehen aldiz euskal musika eta poetikara itzuli izana nabarmenduko den.

Eta zikloari amaiera emango diote abenduaren 10ean, osteguna, Iñaki Salvadorrek (pianoa) eta Loyola Garmendiak (ahotsa) osatzen duten bikoteak. “Real Book” izeneko proposamena aurkezten dute, saio inprobisatu batean, harrituko gaituena. Jazz, soul, zine eta Broadwayko musikal klasikoen doinuak eskainiko ditu ikuskizun honek.

Lau kontzertuetarako abonu bat jarri da salgai, 28 euroan, eta sarrera solteak 10 euroan izango dira. Abonuak Barrena Kultur Etxean eta Herri Antzokian eros daitezke, eta sarrera solteak Herri Antzokian edo Kutxabank-en (sarrerak).