Ahoz aho 2020 partaideak

Ordiziako D´elikatuz gunean  eman zaio 2020 Ahoz aho jaialdiari hasiera. Bertan VIII Ahozko Narrazio Lehiaketa izan da. Lehiaketari hasiera eman aurretik CIA.KICIRKE ikuskizunak girotu du bertako giroa, umore puntu ederra jarriaz bere instrumentu sorta bereziarekin.

Aurkezle lanetan Ane Gebara kontalaria aritu da eta sei partaide izan dira lehiaketan. Xabier Gonzalez (Barakaldo), Leire Zinkunegi (Orio), Ane Arrugaeta (Gasteiz), Ester Poveda (Berrobi), Joxe Aldasoro (Etxarri-Aranatz) eta Aitziber Sampedro (Orendain).

Hauek izan dira lehiaketara aurkeztutako ipuinak: Zurginaren ipuina / Olatua / Beti bezala, ezer Ez! / Nire maletaren ipuinak / Arotza eta Lama/ Imajinatu. Bakoitzak bere ipuina modu propioan defendatu du eta kontatzeko estilo ezberdinak ikusteko aukera ederra izan da.

Epaile lanetan Iñaki Carretero, Itziar Rekalde, Irati Goikoetxea, Imanol Arabaolaza, eta May Gorostiaga aritu dira. Publikoak ere izan du bere iritzia emateko aukera, ikusle guztiek boto bana zuten gehien gustatutako ipuinari emateko, modu horretara zuzenean sailkatuz partaideetako bat.

Publikoaren botoak eta epaileen puntuaketak kontatu bitartean CIA.KICIRKE ren malabareetaz gozatzeko aukera izan da.

Finalerako pasea Ester Povedak, Ane Arrugaeta eta Joxe Aldasorok lortu dute. Hiru partaide hauek izango dira Martxoaren 27an Ordiziako Barrena Jauregian egingo den Ahozkotasunaren Gala Nagusian, aurtengo kalabaza jasotzeko lehian harituko direnak.

Giro politean eman zaio hasiera aurtengo Ahoz Aho jaialdiari. Hitzez idatziak baino ahoz aho ipuinak jasotzeko aukera ugari izango da Martxoaren 7 tik 28ra. Jaialdia hasi besterik ez da egin.

Ahoz aho 2020 finalistak