Ahoz aho jaialdia, martxoaren 7tik 28ra

Ahozaho aurkezpena

Pasa den ostegunean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean Ordizian antolatzen den AHOZ AHO Nazioarteko Ahozkotasun jaialdiaren aurkezpena egin zen. Aurkezpenean egon ziren May Gorostiaga Intujai Antzerkia talde antolatzailearen ordezkaria; Mari Jose Telleria, Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Lander Mujika Ordiziako Udaleko Kultur zinegotzia eta Maider Alzelay eta Joxe Mari Carrere kontalariak.

Hain zuzen ere, Ahoz aho, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren 13. Edizioa egingo da martxoaren 7tik 28ra bitartean. Hainbat herritan egingo dira ekintzak, Ordizia eta Tolosan izanez nabarmentzekoenak. Kanpo zein Euskal Herriko artistak izango dira parte hartuko duten sortzaileak, eta narrazioez gain, magiak, bertsolaritzak eta euskal kontalaritzak ere izango du lekua.

Jaialdiak, kontalaritza ardatz hartuta, ahozkotasunaren bestelako adierazpenak eskaini ohi ditu ere, hala nola, kantuak eta bertsoak. Gorostiagak, talde antolatzailearen arduradunak, egitarauaren xehetasunak azaldu zituen, ekitaldiez gain parte hartuko duten artisten ezaugarriak zehaztuz. Partaide gehienak Euskal Herrikoak izanik, nazioarteko partaidek ere aurkeztuko dituzte euren ikuskariak. Kolonbiatik Carolina Rueda, Greziatik Ifigenia Kakridoni, Nikaraguatik Zoa Tamara Cuellar eta Frantziatik Celine Ripoll. Laurak ere arras ezagunak eta ibiliak kontalaritzaren nazioarteko zirkuituetan. Emanaldiez gain kontaketa bi ikastaroen berri eman zuen, bata haurrentzat zuzendua Maider Alzelaik eskainia eta bigarrena helduei zuzendua Carolina Ruedaren eskutik.

Telleriak nabarmendu duenez, eskertzekoa da halako programa “biribila” antolatu izana. “Munduko mapa bat da, Ordiziatik hasita. Udalari eskerrak ematen dizkiogu, hainbat lurralde kultur mugimenduekin batzen gaituelako. Belaunaldi desberdinak, narrazioari esker familiak batzeko gaitasuna duena eta gazteak kulturara erakartzen dituena”. Horrez gain, programa honek kulturaren inguruan “baloreak sustatzeko” balio duela ere agertu zuen zuzendariak. Lander Mujikaren hitzetan, aldiz, Ordiziako kultur bizitzaren ekitaldi garrantzitsua dela agertu zuen, eta bide batez, Ahozkotasunaren Gala Nagusira gonbidatu zituen herritarrak.

May Gorostiagak aipatu zuen ere jaialdia bertan antolatzen den Ipuin Narrazio Lehiaketak hartu duen garrantzia, izan ere beste urtetan parte hartutako hainbat kontalarik orain ohiko egitarauan ikus daitezkeelako.

Eta Jaialdia “KONTATU GUREKIN!” VIII. IPUINEN AHOZKO NARRAZIO lehiaketarekin zabalduko da. Istorio bat, ipuin bat... kontatu nahi diguten pertsona guztiei irekitako lehiaketa zabaldu da. Lehiaketa larunbata honetan, martxoaren 7an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Ordiziako D’Elikatuz gunean.

Parte hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du gehienez. Epaimahaiaren erabakiaren eta Publikoaren botoaren bidez, hiru narratzaile hautatuko dira Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko, BARRENA JAUREGIAN, martxoaren 27an ospatuko dena. Galan, hiru sailkatuek beren istorioak kontatuko dituzte berriro, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia aurten osatuko duten gainerako izarrekin batera. Epaimahaiak eta Publikoaren botoak sailkapena erabakiko dute, eta 300 euroko saria emango zaio irabazleari, 200 eurokoa bigarrenari, eta 100 eurokoa hirugarrenari.

Lehiaketarekin batera zirko proposamen berezia ikusteko aukera izango dugu, Kicirke konpainiarena. Kicirke konpainia Kike Sebastianen zuzendaritzapean sortu zen 2014. urtean, "LOS KIKOLAS" konpainiarekin 12 urte igaro ondoren. Quique Mendezekin batera sortu zen konpainia, eta penintsulan zehar eta nazioarteko hainbat tokitan (Argentina, Portugal, Italia eta Frantzia, besteak beste) jaialdiak eta programazioak egiten ditu, mila bat funtziotan. Kike Sebastian komediantea zirkoarekin eta musikarekin jolasten da, plazetan, kaleetan eta antzokietan ibiltzen da, herri eta hiri handietan. 1993. urtean, Gamonal auzoan, "Musika eskola herrikoiak" izeneko proiektu sozial batekin hasi zuen bere ibilbide artistikoa. Han aurkitu zuen musikarekiko maitasuna, eta urte batzuk geroago zirkoarekiko grina eta lanbidea.

Bere prestakuntza autodidakta izan arren, objektuekin egindako ikerketan eta "beste zirko bat" erakusteko ahaleginean oinarrituta, hainbat ikastaro jaso ditu zirkuko eta antzerkiko tekniketan. “Mugarik gabeko Pailazoak” erakundearekin ere lankidetzan aritzen da, Libanoko eta Kosovoko errefuxiatu-eremuetan barrena.

Martxoan Ordizia kontalaritzaren hiriburua bihurtuko da eta larunbat honetan lehenengo hitzordua D’Elikatuz gunean, VIII. Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa. Sarrera dohan.

URREZKO KALABAZA

Bestalde, aurtengo Urrezko Kalabaza Saria ahotsak.eus webgunearentzat izango da. Ahozkotasun testigantzak jasotzen ditu, euskalki eta historia desberdinak aurkitzen dira bertan.

Hemen duzue egitarau osoa: Ahoz aho 2020