002 GILTZADUNEN ETXEA

Ostiral honetan, hilak 14, Tanttaka taldeak Giltzadun etxea antzezlana eskainiko du gaueko 22:15ean, Herri Antzokian.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Barrena jauregian.

Antzerki garaia programaren hirugarren saioa izango da ikusgai ostiral honetan; Tanttaka konpainiak Giltzadun etxea lana aurkeztuko du. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

Giltzadun etxea lana Fernando Bernuesek zuzendu du, eta bertan Ainhoa Aierbe, Vito Rogado eta Mireia Gabilondo dira protagonistak. Ainara LeGardon musikariak egin du zuzeneko soinu bandak eta Maialen Sarasuak eszena janzten duten irudi ederrak. Aizpea Goenagak euskaratu ditu testuak.

Sorkuntza eszeniko ezohiko bat dugu hemen, bertan, hiru emakumezko aktore gizarte langile talde baten erraietan sartuko dira. Egunerokotasuna islatzen duten momentuen bitartez, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako bi egoitzatako ("Larrialdi Egoeretarako etxe bat eta Abegi etxe bat)  bizitza biluztuko digute. Poema bilduma errukigabe honen egile den Mada Alderetek zazpi urtez egin zuen lan horrelako etxe batean hezitzaile gisa. Ainara LeGardon sortzaile eta interprete iradokitzaile eta inkonformistak eginiko zuzeneko soinu banda landuak eta Maialen Sarasuaren irudiek diskordantziaz beteriko ikuskizun bat osatzen lagunduko dute.

Infernu garaikideetan barrena egindako bidaia bat da funtsean antzezlanak proposatzen duena. Hiru gizarte hezitzaile arituko dira oholtzan hizketan, eta haien bizipenen bidez joango da ikuslea murgilduz genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeentzako abegi etxe bateko eta larrialdi etxe bateko egunerokoan. "Ez da ohiko antzezlan bat izango", onartu du Fernando Bernues antzerki zuzendariak, «baina ez da errezital soila izango ere». Mada Alderete poeta espainiarrak 2007an kaleratutako poema liburua dago antzezlanaren oinarrian, eta haren eszenarako egokitzapena prestatu du Bernuesek.

Biktima izandako emakumeen bizipen gordin eta konplexuak biltzen dituzte Aldereteren poemek, eta berdin antzezlanak ere. Egileak berak dioen bezala, “egia penagarri honetan gezur bakarra, tamalez, erabilitako izen bereziak izango dira”.

Egoerarik estuenenean ere indarra ateratzeko gai den gizarte langile bitalistaren ahotsetik arituko da Vito Rogado aktoresa, esaterako. Biolentzia matxista bere larruan ezagutu duen gizarte langilearen ahotik arituko da Ainhoa Aierbe. Eta, azkenik, Mireia Gabilondorena izango da ahotsik analitikoena. Hiru aktore horiekin batera, Ainara Legardon musikaria ere izango da oholtzan zuzenean, eta Maialen Sarasuak antzezlanerako propio sortutako irudiak ere proiektatuko dituzte.