'El Gran Crucero' antzezlana, ostiralean, Herri Antzokian

EL GRAN CRUCERO R

Antzerki Garaia zikloak aurrera darrai eta ostiral honetan, hilak 17, El Gran Crucero antzezlana izango da ikusgai Herri Antzokian, 22:15ean hasita. Sarrerak salgai daude dagoeneko Barrena Kultur etxean, 12 euroan.

La Pescaderia Ambulante taldeak eskainiko duen lana da, eta bertan, Garikoitz Lariz aktore ordiziarrak parte hartuko du. Taula gainean izango dira berarekin batera Noe Lifona eta José Luis Guerrero aktoreak, beraiek dira eta antzezlanaren protagonistak. Lan honek Malagako Ateneo saria jaso zuen 2018an, lan original onenagatik. Ikusleak dibertitzeko asmoz, hiru gazteek egingo duten lehen bidaiaren nondik norakoak kontatuko dituzte, zerbitzu militarra bukatu ondoren. Hainbat ipuinek osatzen dute lana, eta protagonistek haien bizi-esperientziak kontatzen dituzte.

"Hawaiiko musika, Francoren zingirak, plastikozko kutxa bat, argizko gurutze bat eta zur eta alanbre linboan galdutako hiru militar. Osagai-nahasketa bat da, ikuslea bidaiarako prestatzen dutena, iraganeko gure historiako absurdu mingarrian barrena. Alkitranezko zeruertz batean, uniformezko hiru mamutxek gainean daramate etxea lubaki gisa. Balizaz baliza, eta ezarritako ibilbide-orriari jarraituz, zerbitzu militarra bete ondoren dagokien baimenera jotzen dute ezinbestean. Oporrak eskumuturrekoarekin. Mundu guztiak darama bere txartela? Akreditazioa? Ez ahaztu eskumuturrekoa. Gurutzaontzi Handia zuetako bakoitzaren eskura dago. Aukera hau alferrik galduko duzue? Eskifaia osoaren izenean, opor zoriontsuak opa dizkizuegu".

Oinarrizko eszenaratze batekin, hiru protagonisten lanean dago benetako indar-ariketa. Noe Lifona, José Luis Guerrero eta Gari Larizek gorputza eta arima uzten dute antzerki-lanean. Ariketa bizia eta, oso gogorra batzuetan, eta hiru soldadu hauen istorioak aurrera egin ahala lortzen dute ikuslea hunkitzea.