1988tik urteroko hitzordura leiala (data horren aurreko aldizkariak daude, baina aldizkakotasun hori gabe), ostegunean "Santa Ana 2019" urtekaria jarriko da salgai. Bere ohiko eskemari jarraituz, Adur Ezenarro alkatearen agurrak zabaltzen du aldizkaria, eta jarraian hainbat artikulu, besteak beste: “Ordizia 750” urteurreneko ekintzen laburpena, “Denboraren kapsula” ekimenaren testigantzak;  Martin Garcia Garmendiaren ohiko artikuluak, aurten Gazteluzar etxeari eta Arrikrutzeko leoiari eskainiak; Iñaki Hidalgok berriz, errepaso ematen dio orain duela 100 urteko historiari; Patxi Garmendia “Mendigar”-ek artikulu interesgarria idatzi du komunikazio bideen inguruan; edota Beatriz Gallego Muñozen zenbait apunte Ordiziako emakumeen eta lanaren inguruan.

D 'elikatuz guneak, Arzaken erakusketa aprobetxatuz, Ordizia eta sukaldariaren arteko loturak gogoratzen ditu, eta Hitzaro Euskara Elkarteak Goierriko euskararen egoerari eta bilakaerari buruz Dionisio Amundarainekin hitz egin du. Aurten hauteskunde urtean izanik udal hauteskundeetako emaitzak jaso dira eta Gazteria alorretik herriko gazteriari buruzko diagnostikoaz hitz egiten da. Azokari buruzko artikuluak, Euskaraldia, Liburu baby kluba eta beste artikulu batzuk aldizkariaren lehen zatia osatzen dute.

Erakunde eta kultur taldeek leku garrantzitsua betetzen dute aldizkarian, eta urtero bezala, Rondalla Laguntasuna, Ordiziako Txistulariak, Ortzadar Argazki Elkartea, OTA-Ordiziarrock, Goierriko Jazzaldia, Goierriko Irakurleen Topaketa, Goiztiri AEK , Irrizblai, Amets Bide, Kimetz….taldeen artikuluak jaso dira, kirol taldeek ere denboraldiaren balantzea egiten duten: futbola, saskibaloia, eskubaloia, rugbya, mendizaleak, igeriketa, atletismoa, urazpikoak, pilota, triatloia… Guztira 248 orrietara iristen den aldizkari bat osatzen dute.

Azalean Barrena Jauregiaren argiztapen berria ikusten da, Jesus Mari Erauskinen argazki batean.

Asko dira, urtero, "Santa Ana" aldizkaria kalean egotea posible egiten duten pertsonek eta taldeek eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie, baita ere bere laguntza ekonomikoa ematen duten dendariei eta enpresei.

Bihartik aurrera aldizkaria salgai jarriko da, 7 eurotan,  Kale Nagusiko kioskoan, D’Elikatuz gunean, eta Bustuntzako Manso liburudendan eta Goiagin.