ADOS TEATROAK JAMES JOYCEREN “DUBLINDARRAK” ANTZERKI LANA AURKEZTUKO DU OSTIRALA HONETAN HERRI ANTZOKIAN

dublindarrakAPIRILAREN 5a -OSTIRALA – 22:15 H. /   Ostiral honetan, hilaren 5ean, amaiera emango zaio Ordizian, Beasain eta Ordizia Udaleko Kultura Sailek antolatutako “Antzerki Garaia” egitarauari. Antzerki egitarau hau Euskadiko Antzoki  Sarearen barnean kokatzen da eta Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailek laguntzen dute.  Eta Ordiziako programazioari amaiera emateko Ados Teatroak James Jpyceren ”Dublindarrak” antzerki lana aurkeztuko du.

Dublindarrak da, James Joyceren Dubliners lan klasikoan oinarrituta dagoen lana. Literatura unibertsaleko kontakizun hoberenetakoa izan arren, antzerkirako oso moldaketa gutxi jaso ditu liburu horrek. Gogoan dugu John Hustonek zinerako egin zuen bertsioa, adibidez, baina ez dago antzerki erreferentzia askorik. Orain, Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ados Teatroak erronka hartu du bere gain, agertokietan ibilbide garrantzitsua duten zortzi euskal antzezlerekin: Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Asier Sota, Naiara Arnedo, Aitor Beltrán, Isidoro Fernandez eta Lierni Fresnedo.

 

James Joyce-ren “Dubliners” ipuin laburren bilduman, batik bat, azken ipuinean (“The dead”) oinarritutako moldaketa.

Dublindarrak (Dubliners), James Joycen kontakizun sinple baina sakona da, bizitzaren suntsikortasuna, gazte garaiko maitasun galduak eta oroimin eta iruzurrak zikindutako bizitza batzuen inguruan. Dublinen kokatzen da, 1904. urteko Errege egunean. Adin eta sexu desberdineko maila ertain-altuko pertsonaia batzuk Morkan andereñoek bere egoitzan urtero antolatzen duten afarira iristen dira. Giroa ezin hobea da. Kanpoan elurra ari du baina barruan etxe-giro goxoa, janari atsegingarria, ohitura onak, lasaitasuna, anaitasuna eta umore ona arnasten dira.Itxuraz sinplea den kontakizunak, sakonean, Irlandak garai hartan bizi zuen paralisi moral eta espirituala dauka mintzagai. Hildakoak ez dira hilik daudenak soilik, pasioz bizitzen jakin ez dutenak, jolas eta limurtzeetan galdu direnak eta beren mundua erori eta erremediorik gabe atzetik erori direnak baizik. Egun horretako afaria aitzakia hartuta, hainbat gai eta ikuspuntu jarriko dituzte mahai gainean pertsonaiek: tradizioa, berritasuna, balio zaharrak, erlijioa, abertzaletasuna, sufragismoa... Labur esanda: Joyceren liburuan bezala, mundu zaharraren eta berriaren arteko borroka da ardatza.

Agus Perez antzerki kritikariaren ustez, “aspaldian ikusten ez genuen antzezlan ederretariko bat oparitu digute.”

James Joyce-n lan paregabea, literatura unibertsalaren istoriako kontakizun onenetako bat, antzerkiaren bidez eskainia ostirala honetan Ordizia Herri Antzokian. Sarrerak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean.