OSTIRALEAN YLLANA ETA PRIMITALS BROTHERS TALDEEN ESKUTIK “THE PRIMITALS ” LANAREN AURKEZPENA

“The Primitals” lanak zabalduko du Ordizian “Antzerki garaia” programazioa, ostirala honetan, gaueko 22:15ean. “Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

 

Yllana eta Primital Bros elkartzen dira kapelaz egindako komedia musikal dibertigarri batekin txunditzeko. The Primitals karteldegian momentu hauetan ikus daitekeen ikuskizun onenetariko bat dugu eta ez da gutxiagorako “Primital Brothersen” itzelezko ahotsak eta “Yllanaren” umore berezia elkartzen direnean. Emaitza ikuskizun handi bat da, komedia musikal berezi eta bakarra, guztiaren gainetik lau artista ikusgarrien ahotsak gailentzen direlarik. 90 minututan zehar denbora eta estilo (soul, pop, rock eta baita opera ere) guztietako abesti oso famatuak antzeztuko dituzte a capela.

 

Lurra izan daitekeen planeta bateko lau aborigen igo dira agertokira, ikusleak konkistatzeko prest, espazioan eta denboran egindako bidaietan xurgatu dituzten hamaika generotako musikaz blai. Yllana eta Primital Bros elkartuta, ikusleak harri eta zur utziko dituzte a capela musikal dibertigarri honekin. The Primitals tribu zertxobait  disfuntzional baten historia bitxi bezain surrealista da, barne-gatazkak, handitasun-nahiak, desoreka mentalak eta milaka urteko farmakopea dituen tribuaren historia. Xamanismoa lau ahotsetara, tragikomedia a capela eta antzinako abangoardismoa.

 

Ikuskizun honen aurrean, ez da erraza zer nahiago dugun aukeratzea:  dena  estaltzen duten  umoreak  eta  dibertsioak    edo    lau    aborigen hauek     antzezten     duten soinu       banda       bikaina, ikus-entzuleak  konkistatzeko gertu (barreka edo aihotz kolpeka).  Gizajoak,  astakilo hutsak  badira  ere,  hamaika generotako musikaz  gainezka     daude,     espazio-denboraren       mugetan egindako bidaietan xurgatutako  belakiak  bailiran. 

 

THE PRIMITALS... zertxobait disfuntzionala    eta    nahiko desorekatua den tribu arraro eta surrealista baten istorioa ostirala honetan Ordiziako Herri Antzokian; eszenatokian ikusgai jarriko den proposamen dibertigarriak harri eta zur utziko ditu ikusleak, abesti entzutetsuen bertsio bereziak tartekatuz. Sarrerak salgai Barrena Kultur Etxean.