BARRENA KULTUR ETXEKO ERAKUSKETA ARETOAN ORTZADAR ELKARTEAREN ARGAZKI ERAKUSKETA.

Inaugurazioa: azaroak 20 , asteartea, arratsaldeko 19:00etan

Azaroaren 20tik abenduaren 5era Barrena Kultur Etxeko Erakusketa aretoan “Ortzadar Ordizia IX. Argazki erakusketa” izango da ikusgai. Erakusketako ordutegia 18:00etatik 20:00etara izango da. Ortzadar Argazki Elkartekohainbat partaideren lanak daude ikusgai: Amaia Oar-Arteta, Angel Fernandez “Sakatxa”, Carlos Iraeta, Francisco Albarran, Iñaki Hidalgo, Jose Ignacio Rodriguez, Joxemi Romero,  Miguel Cavero, Juan Mendizabal eta Aitzol Arruabarrena.

Erakusketarako egindako triptikoan horrela aurkezten da erakusketa:

“Etxean eserita zauden bitartean ez da ezer gertatzen. Ahal dudan guztietan edonora kamera eramatea gustatzen zait, eta horrela, edonoiz edonoiri argazkia atera diezaioket”

“Argazkigintza behaketaren artea da. Ohikoak diren tokietan zerbait interesgarria bilatzean datza argazkigintza. Konturatu naiz ez dela ikusten ditugun gauzetan oinarritzen, baizik eta gauza horiek ikusten ditugun moduan”.   Elliott Erwitt

 

 “Argazkilari askok uste dute kamera hobea erosita argazki hobeak aterako dituztela. Kamera hobeak ez du zure ordezko lanik egingo ez baduzu ezer buruan edo bihotzean”.  Arnold Newman.

 

“Nik ez nituen arauak idatzi, zergatik jarraitu behar nituzke bada?”  W. Eugene Smith

 

“Argazkiak ateratzeko ez da trikimailurik behar. Ez esan inori kameraren  aurrean jartzeko.Argazkiak hor daude, zuk atera zain. Egia da argazkirik onena, propagandarik onena” Robert Capa

 

“Beti sinestu izan dut argazki onak txantxa onen parekoak direla, azalpena behar badute ez dira hain onak” Ezezaguna

 

Esaldi hauekin Ortzadar Argazki Elkartearen erakusketari sarrera egin nahi izan diogu eta aldi berean argazkietara gerturatzen gaituzte. Elkarteak erakusketa antolatuz urteroko hitzordua zintzo bete du.  Erakusketan Ortzadarreko 10 bazkideren 35 argazkiak jasotzen dira eta beraien begiradaren bitartez, irudien bitartez, paisaiak, begiradak, objektuak, uneak eta abar jasotzen dira era oso pertsonalean eta aparteko sentipen eta emozioak eskaini eta islatzen dituzte.

 

Zale guztiei zabalik


Erakusketa abenduaren 5era arte Barrena Kultur Etxean ikusgai izango dute argazkizale guztiek eta publiko orokorrak.

Asteartero, 19:00etik 21:00ak bitartean Barrena kultur etxean duten lokalean biltzen dira elkarteko bazkideak, argazkigintzaren inguruan sortzen diren askotariko gaiei buruz hitz egiteko, esperientziak konpartitzeko edo irteera eta tailerrak antolatzeko.

Erakusketa bihar, asteartean, inauguratuko da arratsaldeko 19:00etan.