Maria Reyes Arias aktoresa ordiziarrak “Je suis folle de tant t´aimer. Yo estoy loca de tanto amarte” lana aurkezten du.

Maria Reyes Arias ordiziarrak Herri Antzokira “Je suis folle de tant t´aimer. Yo estoy loca de tanto amarte” lana ekarriko du datorren ostiralean, hilaren 4an, gaueko 10:15ean.  Ordizian “Antzerki garaia” programaren barruan aurkezten den hirugarren muntaia da, eta Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailekin antolatzen da. Programa hau Euskadiko Antzerki Sarearen barruan sartzen da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailen laguntza jasotzen du .

Maria Reyes Arias ordiziarra aktorea, zuzendaria eta gidoilaria da.  Zinean ondorengo zuzendariekin lan egin du: Manuel Gómez Pereira, Mario Camus, Javier Aguirre, Antonio Giménez Rico, Juan Vicente Córdoba, Norberto López Amado, Manane Rodríguez eta Alberto Morais, besteak beste. Zuzendari gisa egin zuen lehenengo lana Una Caja de Botones (2010) izan zen, gidoia ere berak idatzi zuen. Bost kontinenteetako jaialdietan barrena ibili da eta besteak beste, honako sari hauek lortu ditu: Fikziozko Laburmetraia Onenaren Goya saria, Pentedattilo (Italia) International Film Festivalen Laburmetraia onenaren saria eta Houstongo (EEBB) Worldfesten Epaimahaiaren Sari Berezia.

Irribarre eta malkoekin, lanak amodioaz eta desamodioaz hitz egiten digu, norberarengan izaten den konfidantzaz eta pertsona bakarti eta etsiek Internet nola erabiltzen duten bizitzan arrakasta izateko.  Inozentziaz eta samurtasunaz hitz egiten digu indarraren eta arrakastaren tresna gisa, eta giza harremanetarako urrutira begiratzeko leiho bihur daitezke interneteko mundu birtual berriak.  Baina egun batzuetan, deskonektatzen dugunean, errealitatearekin egiten dugu topo eta bakardadeak eta babesgabetasunak gure gorputz eta arimak hartzen ditu.  Orduan, kalera irtetera bultzatzen dugu gure burua eta han harremanen mundu zaharra, giza-berotasuna, desioa, sexua, dibertsioa, adiskidetasuna eta agian maitasuna topatzen ditugu.

Lanaren sipnosia hauxe da: Gwendolynek bere bikotea utzi du nahiz eta oraindik maiteminduta jarraitu. Bere apartamentu txikiko hutsunean mina arintzen saiatzen da pelutxeari besarkatuz eta tamaina handiko poltsetako snackak janez. Skypen hustutzen du barrua eta bere sentimendu intimoenak bertan azaltzen ditu. Gwendolyne emakume berezia da, Julio Iglesiasen abesti batengatik ipini zioten izen hori gurasoek eta orain, banandu direnetik, madarikazio bihurtu da izen hori.