Martxoaren 5ean hasiko da Ordizian Ahoz Aho VIII. Nazioarteko jaialdia

Beste urte batez Ordizia eta Tolosako txokoak kontakizunak hartuko dituzte. Ahoz Aho Nazioarteko Ahozkotasun jaialdiak aurtengo egitaraua aurkeztu zuen Donostiako KM kulturgunean. Otsailaren 26an hasi eta Martxoaren 19 bitarte kontalari andana ibiliko da haur zein helduentzat istorioak kontatzen bi herrietan. Intujai Talde antolatzailearen May Gorostiagaren hitzetan “Tolosan bederatzigarren urtez eta Ordizian zortzigarrenez egitarau interesgarria osatu dugu ipuin zaleentzat. Euskal Herriko kontalariekin batera gure mugaz kanpoko kontalariak ere izango ditugu euren ikuskariak aurkezten”. Gorostiagak Ipuinen ahozko Narrazio Lehiaketa aurkeztu zuen ere, aurten laugarren edizioa delarik, azpimarratuz aurtengo jaialdian beste urtetan lehiaketara aurkeztutako kontalari berriak profesionalekin batera parte hartuko dutela. Beren aldetik, Nuria Carbonell eta Arantxa Fernandez, Tolosako eta Ordiziako kultur zinegotziek euren herrientzat halako jaialdiaren garrantzia eta kultur eskaintzaren interesgarritasuna aipatu zuten.

Maria Jose Telleria Foru Aldundiko Kultur Zuzendari Nagusiak ere horrelako ekitaldien beharra aipatu zuen Aldundiaren laguntza eskainiz horrelako ekitaldiak bere lekua izan dezaten Gipuzkoan.

Jaialdiaren aurkezpenean Ixabel Agirresarobe eta Joxemari Carrere kontalaria hartu zuten hitza. Agirresarobek tradiziotik jasotako hainbat esamoldeekin jantzi zuen bere interbentzioa, ipuinak kontatzearen arrazoietako bat oraindik bizirik dauden hizkuntzaren aberastasun horiek gal ez daitezen goraipatuz; bide horri helduz Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetan kontu zaharrekin ariko da ikasleekin. Bere aldetik Carrerek aurtengo jaialdiaren alde interesgarrienetako bat aurkeztuko diren ikuskari anitzak azpimarratu zituen, kontaketa euskaraz eta arabieraz tartekatuko duen ikuskaria adibidetzat hartuz. Jaialdiaren beste alde bati erreparatu zion, alegia, ikuskariez gain, kontalarientzat antolatu den formazio ikastaroa, Pep Brunoren eskutik eskainiko dena, errepertorioa landuz. Bruno gaur egun Espainian dagoen kontalaririk ezagunenetakoa dugu eta primerako aukera da Ahoz Aho jaialdiak eskaintzen duena.