Verdiren opera Londresetik zuzenean emango dute ostegunean

Ostegunean “La Traviata” opera emango dute Ordiziako Herri Antzokiko aretoan. Zuzenean emango dute opera Londreseko Opera Royal Housetik, eta 19:45ean hasiko da, hau da, Opera Ballet zikloko ohiko ordutegia baino ordu erdi lehenago.Sarrerak 13 euro balio du eta obraren iraupena 190 minutukoa da. Hiru ekitalditan banatzen da obra.  Italiar melodrama honetan funtsezkoak dira Verdiren partitura ezagunak.

Daily Expressek “La Traviata” honela deskribatzen: “opera hoberenaren eredu bikaina”. Operazaleek eta generora lehenengo aldiz gerturatu nahi dutenek ezin dute ikusikizuna galdu. Ekoizpen galant honetan agertokia XIX. mendeko Parisko gizarte zurrunbiloa da eta Violetta Valéry gortesauaren istorioa azaltzen du. Marie Duplessis-en bizitza errealean oinarritzen da; 1847an hil zen 23 urterekin. 

Royal Opera Houseko ekoizpen dotoreenetakoa eta ezagunenetakoa da; Richard Eyre arduratu da muntaketaz eta dantza-aretoetako jantzi oparo eta dotoreak azaltzen dira. Yves Abelek zuzentzen du opera hau, eta maitale gazteen pertsonaiak punta-puntakoak diren Venera Gimadieva-k eta Samir Pirgu-k antzezten dituzte.