Frankismo-garaiko hezkuntzari buruzko eta Goierriko ikastolen sorrerari buruzko herri-antzezpena.

Herri antzerki bat ikusteko aukera izango da datozen Euskal Jaietan, Herri Antzokian, irailaren 4an gaueko 10:00etan hain zuzen. Sarrerak aldez aurretik eros daitezke (8 euro) Pottoka eta Kiko-Enea tabernetan eta D’Elikatuz gunean.

'Ez dira aspaldiko kontuak' antzezlanak 1936ko gerra ostean hasi eta ikastolen sorrerekin amaitzen diren garaiak azalduko ditu, 90 minutuko iraupena izango duen narrazioan. Segura, Goierri edo Euskal Herrian kokatua, gogorrak izan ziren urte horietan jendearengan nagusitu zen izua erakutsi nahi du antzerkiak, baina aldi berean, Frankismoaren amaieran, euskararekiko eta gizartearekiko ausardia izan zuten jende multzo baten lana oroitzeko ere balioko du.

Zazpi pasartetan dago banatuta antzerkia, ikuslea gerra ostetik 70. hamarkadako lehen urteetara eramango duena. Oholtza gainean 32 antzezle egongo dira, haur zein heldu, gerrako kontuak, gerra osteko bizimodua, beldurra, irakaskuntza elizkoia edo ikastolen sorrera islatuko dituztenak. Gerra osteko garaiko gaiak eta kontuak protagonistak: garaiko eskola emateko moduak mojekin eta apaizekin, nesken eta mutilen trataera ezberdina eskolan, euskararen egoeraren inguruko kezkak etxean, gerra garaiko kontuen trataera etxean eta tabernan, meza-osteko kontuak, haurren garaiko jokoak, ikastolen sorrerako gurasoen lehen bilerak, ikastoletan haurrei ematen zitzaien trataera berria, ikastoletako inspekzioak…

Gerraosteko Euskal Herriari buruzko antzerki lan hau Goierriko eta, bereziki, Segurako herritarren ekimen kolektibo baten emaitza da. Herri eta eskualde osoak bat egiten dute eszenatokian, ikastolak sortu ziren garai zail haietan hezkuntza eta eguneroko bizitza nolakoak ziren belaunaldi berriei erakutsi eta hura bizi izan zutenei gogoratzeko helburuarekin.

Gidoia eta zuzendaritza Gipuzkoako lehen andereñotakoa izan zen Lourdes Imazek egin ditu. Aktoreak Segurako herritarrak dira: belaunaldi guztietako 30 lagun baino gehiago. Era berean, Goierrin duela berrogei urte baino gehiago euskarazko irakaskuntza bultzatu zuten pertsona berberak dira oraingoan antzezle. Hauek, ikastolen sorreran ia klandestinoak izan ziren bilera haietako bat antzezten dute.

Antzerki herrikoi honek, gainera, gerraosteko une gogor haietan, bizikidetzaren, izpiritu ekintzailearen eta gizatasunaren eredu izan ziren hainbat eta hainbat emakume eta gizon omendu, eskertu eta oroitu nahi ditu.

Lourdes Imazek esan digunez, berarentzat antzezlanaren atal oso berezia da ikastolen sorrera: «Irakaslea naizenez, oso gertutik jarraitu nituen garai haiek eta gogoa nuen antzerki baten bidez bizi nuena adierazteko. Klandestinitatean hasi ginen eta oso ongi oroitzen dut nola egiten genituen bilerak. Goierriko herrietako ikastolak sortzeko Beasain eta Ordizian elkartzen ginen. Segurakoak Beasaina joaten ginen eta bertan biltzen ginen herrietako ordezkariei deitu egin diet antzerki honetarako eta animatu egin dira gainera oholtza gainera igotzea. Niretzat oso berezia da antzezlanaren pasarte hori».