Ostirala arte Ordizia nanomagnetismoaren munduko erreferentea bihurtu da.

Gaur goizean inauguratu da ofizialki Nanoteknologia eta Nanomagnetismo Kongresua (RTNSARecent Trends in Nanomagnetism, Spintronics and their Applications) Ordizian. Bertan izan dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, Cristina Uriarte, eta UPV/EHUko errektorea, Iñaki Goirizelaia. Bidelagun izan dituzte 2007ko Fisika Nobel Sariak, Albert Fert eta Peter Grümberg. Anfitrioiak, udalerriko alkate Jose Miguel Santamariak, egin die harrera kongresuko antolatzaileekin batera.

Agintarien harrera ofiziala baino lehen, bi Nobel sariek eta Mario Baibich maisuak, magnetorresistentzia erraldoiaren eraginaren aurkitzaileek alegia, Julián González fisika katedradun eta kongresuaren antolatzailearekin batera, Ordiziako Ohorezko Liburuan sinatu dute eta oroigarri bat jaso dute udal agintarien eskutik.

Ordezkariek kongresuaren maila zientifikoa goraipatu dute eta zientziaren garrantzia nabarmendu. Cristina Uriarte sailburuaren aburuz, zientzia “erronka kolektiboa da gizadiarentzat”. Aipatu duenez gobernu honen helburua talentua erakartzea da, zaintzea eta indartzea. “Euskadik ikerkuntza zientifikoa sustatu du eta azken urteetan hazkuntza nabarmena eman da erakunde berriak sortuz (BERC-Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak) nazioarteko ikerketa talde nagusiak barne hartuz eta ezagutzaren sorkuntza bultzatuz interes zientifikoa duten eremuetan”.

Ezagutza sortzearen eta talentua aktibatzearen garrantzia azpimarratu du, Euskal Herrian ikerketa oinarritzen den bi premisak.

Bere aldetik, UPV/EHUko erreketoreak adierazi du badirela eremuak, nanoteknologia kasu, non “posizio bikaina dugun gure ikertzaileen lan hobezinari esker” eta unibertsitatearentzat ohore bat dela gaineratu du horrelako ekintzak Ordizia bezalako herri batean egitea, “Euskal Herriko bihotzean”.

Ordiziako alkateak, Jose Miguel Santamariak, gogorarazi du “herri gisa, berrikuntza denoi eragiten digun gaia” dela. “Jarrera aktiboa eta ausarta mantendu behar dugu. Gu laguntzeko egongo gara kalitatezko enplegua sustatzeko, talentua erakartzeko, ideia ekintzaileak sustatzeko, gazteria prestatzeko edota nanoteknologia bezalako alorretan sakontzeko balio duten ekimenetan”.

 

Nanotecnologea eta Nanomagnetismo Kongresua

Ekainaren 30etik uztailaren 3ra Nanoteknologia eta Nanomagnetismo Kongresua (RTNSA- Recent Trends in Nanomagnetism, Spintronics and their Applications) dago Ordizian, udalerria Nanozientziaren eta Nanoteknologiaren hiriburu bihurtuz. Kongresuan parte hartzen ari  diren zientzialarien artean presentzia nabarmena dute 2007ko Fisika Nobel Saridunek, Albert Fert eta Peter Grünberg-e, laborategi, institutu eta unibertsitate hoberenetako eta entzutetsuenetako ikertzaile taldearen buru baitabiltza. Jardunaldiak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Magnetismo taldeak eta Ordiziako Udalak antolatu ditu.

Kongresu zientifikoan munduko laborategi eta unibertsitate onenetariko zientzilariek hartu dute parte (IBM, Argone National Laboratory, MIT laborategietatik eta ondorengo herrialdeetako unibertsitateetatik etorri dira: Errumania, Txina, Estatu Batuak, Japonia, Kanada, Brasil, Australia, Alemania, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia, e.a.). Zientzia alorrean jorratuko den gaia, nanomaterial magnetikoak eta nagogailuak kasu, indarrean dago eta horregatik antolatu da kongresua, balio erantsi handiko industria sektoreetan eragin erabakigarria dutelako.

Kongresuaren baitan, uztailaren 2an eta 3an, Ordiziako Barrena Jauregian  IWMW  (International Workshop on Magnetic Wires), magnetismoaren nazioarteko topaketaren zazpigarren edizioa egingo da, eremu zientifiko honetako elitearen presentziarekin.