Txintxeta Produkzioak “Potologuak” antzerki lana aurkeztuko du ostirala honetan Ordiziako Herri Antzokian, Nagore Aranburu, Mikel Pagadi eta Egoitz Lasa aktoreekin.

Ostiral honetan, hilaren 17an, amaiera emango zaio Ordizian, Beasain eta Ordizia Udaleko Kultura Sailek antolatutako “Antzerki Garaia” egitarauari. Antzerki egitarau hau Euskadiko Antzoki  Sarearen barnean kokatzen da eta Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailek laguntzen dute.

Eta programazioari amaiera emateko Txintxeta Produkzioak ”Potologuak” antzerki lana aurkeztuko du, Herri Antzokian ostiralean gaueko 10:15ean.

Orain bi urte sortutako 'Bodologuak” lanak izandako harrera onak bultzatuta eta bakarrizketa, gauzak kontatzeko gustuko formatua dutelako 'Potologuak' izeneko lanean murgildu da Txintxeta taldeko hirukotea: Nagore Aranburu, Mikel Pagadi eta Egoitz Lasa.

Umorea ardatz hartuta, gure gizartearen eta harremanen analisia egingo dute. "Potologuak izena du publikoa barrez lehertzeko Txintxetak sortu duen antzezlan berriak. Bodologuakekin nahikoa ez eta oraingoan Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu 'Potologuak' botatzeko asmoarekin elkartu dira. Euskaraz eta hain ondo funtzionatzen duen bakarrizketa formatuan dator ikuskizun berria. Komedia berria da Potologuak eta Anartz Zuazuaren zuzendaritzapean dabil hirukotea lanean, bakarrizketa formatua duen obra dibertigarri honetan.

Ezinbesteko galdera asko planteatzen dira antzezpenean. Eskobillarena, esaterako, edo nola bihurtzen den pertsona bat “ama”, zer zentzu duten tabernetako komunetako marrazkiek, zer zazpi plaga dauden Euskal Herrian. egebiltzarreko zein bileratan erabaki zen batukada euskalduna dela? Hirugarren seme-alaba aurreko bien arropa birziklatzeko enkargatzen al da? Medikuarengana azpiko arropa garbiekin ez bazara joaten zer gertatzen da? Zenbait opari jasotzea baino, ez al da hobe zaplazteko bat jasotzea? Taberna guztiak ixteko zergatik jartzen da Benitoren 'Erribera'? Gizajoak zer kulpa dauka? Galdera hauei eta beste askori erantzuna bilatzen saiatuko dira Potologuak ikuskizun berrian.

Mikel Pagadik esaten duenez, Potologuak izena jarri diote obrari, "mejoratuta gatozelako"

Hitzordua ostirala honetan, gaueko 10:15ean Ordiziako Herri Antzokian, eta gauza bakarra dago ziur hirukote honekin: barrea. Sarrerak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean.