2015-03-17 ekozinemaldiaSaio guztiak doan izango dira, eta film nabarmenena 'Trashed' izango da

Euskal Herriko beste hamabost herri eta hirirekin batera, martxoaren 24tik 26ra IX. Ekozimenaldia zikloa egingo da Ordizian lehen aldiz. Ekologistak Martxan taldeak antolatzen du, ingurumenarekin eta horren defentsarekin interesaturik dauden tokian tokiko beste hainbat gizarte-mugimendurekin batera; Ordiziari dagokionez, Landarlan-ekin eta Ordiziako Udalarekin eta Goierriko Baratzaren lankidetzarekin. Aurtengo aukeratutako gaua frackinga edo haustura hidraulikoa izango da. Edizio honetako filmarik nabarmenena 'Trashed' izango da (hilak 25, Herri Antzokia, 20:30), eta saio guztiak dohainik dira.

Duela bederatzi urte sortu zen Ekozinemaldia, Lurra planetak eta bertan bizi garenok pairatu behar dugun ingurumen-egoera lazgarria bistaratzeko eta dokumentatzeko. Natur baliabideen jabetzagatik inoiz ez bezalako eta eskrupulurik gabeko erasoari aurre egin beharko dion planeta dugu. Aldi berean, herriak eta gizarte-mugimenduak duintasunez eta eskuzabaltasunez altxatzen dira haren defentsan.

Zinema aukera ona da Lurrak bizi dituen arazo ekologiko larriak ezagutzera emateko, baita egunero mundu hobeago baten alde eskuzabaltasunez lan egiten duten pertsona horiei guztiei balioa emateko ere. Aurtengo aukeratutako gaiak petrolio erauzketarekin du lotura estua; hau da, frackinga edo haustura hidraulikoa. Ekozinemaldia baliatuta, instituzioek eta petrolio-konpainiek azpilanean egiten ari direnaren berri eman eta salatu nahi dute antolatzaileek.

Haustura hidraulikoa AEBetan garatu dute bereziki. Naturari eragindako kalteak hondamenezkoak dira. Orain, asmoa dute metodo hori Europara eta Euskal Herrira ekartzeko. Gai horrekin batera planeta mailan hondakinen ekoizpenak zein ondorio dituen jakingo da eta planeta kontserbatzeko eta petroliorik gabeko mundura aldatzeko munduan zehar sortzen ari diren lankidetza sare berriak ezagutaraziko dira.

EGITARAUA:

Ekozinemaldia hilaren 24tik 26ra bitartean egingo da, Barrena kultur etxean eta Herri Antzokian.

Martxoak 24, asteartea (Barrena, 19:00)
Dokumentala: 'Fractura, la maldición de los recursos' (Haustura, baliabideen madarikazioa) dokumentala
Sinopsia: Gaur egun baliabide energetiko urriek sortzen duten arazoari heltzen dio, eta herritarrei haustura hidraulikoaren (fracking) kontzeptua zertan den eta haustura horrek ingurumenari ekartzen dizkion ondorioak azaltzen dizkie.
Beste bi dokumentalak: Dokumental horren lagungarri gisa, beste bi dokumental emango dira. Batetik, 'El caso Sarayacu' (Sarayacuko gertaera) izeneko dokumentala: 2002. urtean Argentinako Compañía General de Combustibles -CGC- izeneko konpainia, Ekuadorko armadak lagunduta, indigenen lurraldean, Sarayakun, legez kanpo sartu zela eta indigenek beren lurraldearen alde egindako borroka kontatzen du; aipatu konpainiak 1.500 kg pentolita-lehergai lurperatu zituen. Bestetik, "Petrolioaren lioa" izeneko dokumentala, Euskal Herrian egindakoa, bertsoen, animazioen eta abarren bidez petrolioaren xedea azaltzeko.

Martxoak 25, asteazkena (Herri Antzokia, 20:30)
Filma: Zinema alternatiboaren programazioaren barruan, 'Trashed' dokumentalaren emanaldia izango da. Sari asko jaso ditu ingurumena aztertzen duen dokumental honek. Azpitituluak espainolez ditu. Protagonista Jeremy Irons da, eta soinu-banda Vangelis-ena da.
Sinopsia: Dokumentalak zaborraren igoera du aztergai, batez ere plastikoena eta toxikoena, planeta osoan. Candida Brady-k zuzendutako ekoizpena da, sentsibilitatez betea. Zabortegietako lixibiatu kirastuak eta inguratzen gaituzten erraustegietako ke-lainoak dira lanaren jomuga; baita ozeanoetan barrera barreiaturik dauden plastikoekin digestio aparatua beteta daukatela hiltzen diren baleak, edo plastikozko lakio hilgarriek itotako hegaztiak ere. Irudi horiek guztiak inguratzen gaituen zaborraren entremesa baino ez da. Gerora datoz mugagabeko ondorioak; besteak beste, zabortegiek kutsatutako urak pozoitutako azienda galduta, miserian geratu diren abeltzainak.

Martxoak 26, osteguna (Barrena, 19:00)
Filma: 'Voces en transición' (Trantsizio-ahotsak).
Sinopsia: "Pueblos en transición" mugimenduaren bigarren emanaldia da, eta izenak berak dioen moduan petroliorik gabeko mundurantz trantsizioa proposatzen du, hondamena ekartzeaz gain, petrolioa bukatzen ari baita eta gure sistema bere menpe dago. Petroliorik gabeko bizitzarako prest egon behar dugu. Benetako inspirazioa da, mundu zabalean jende xeheak egindako gauza harrigarrien inguruan jasotako makina bat kontu bilduta sortutakoa. Erkidegoak ekinean, dirua inprimatu, laborantza, tokian tokiko ekonomia bultzatu, erkidegoetan irratiak sortu, energia kolektiboak garatu... Proposamen hori birus baten moduan zabaldu da, ziurgabetasun- eta kaos-garaietan diseinatutako gizarte-esperimentu gisa, baikortasuna bultzatuz.
Bigarren emanaldia: 'Decrecimiento en un minuto' izenburuak berak dioen moduan minutu batean azaltzen du gure planeta hondatzen ez jarraitzeko egin dezakegun guztia.

Guztiok gonbidatuta zaudete munduan gertatzen denaren inguruko eredu txiki hori ezagutzera eta dagoeneko martxan dauden alternatibak ezagutzera, gurea barne.