2015-03-11 hirihezitzaileOrdizian 2008az geroztik abian den Hiri-hezitzailea ekimenak hainbat proiektu abiatu ditu urteotan

Ordizia Hiri-Hezitzailea proiektua abiatzeko ideia eta aurreneko pausuak Ordiziako Udaleko Euskara, Kultura eta Hezkuntza Departamentuak eman zituen Belen Maiza zinegotziaren ekimenez. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen babespean, lehen lan ildoak zehaztu ziren, eta jendaurreko aurkezpena egin zen 2008ko urtarrilean. Hiri-Hezitzailearen eredu teorikoaz aritu ondoren (Udalerrian ikasi, Udalerriarengandik ikasi eta Udalerria ezagutu), 2009an Ordiziaren diagnostikoa egin zen hainbat eragilerekin, gaur egunera iristeko lehen oinarriak finkatuz. Egindako lan horren erakusgarri Hiri-Hezitzailea proiektua laburbiltzen duen ikusentzunezkoa eta esku-orria aurkeztu dira.

HIRI-HEZITZAILEA. ESKU-ORRIA (PDF)

Lau helburu eta bost lan esparru

Honako lau helburuak ezartzeko erabakia hartu zen orduan:
1) Elkarte eta eragileen arteko harremana hobetzea
2) Lankidetza eta trukaketa indartzea.
3) Ekintza batzuk elkarrekin antolatzea
4) Ekintza horien zeharlerrotasuna lantzea.

Harrezkero, ibilian-ibilian, urrats asko egin dira. 2013-2014 ikasturtean, esaterako, 32 ekintza egin dira Ordizian, bost lan eremutan banatuta: Belaunaldien arteko elkartrukea (10 ekintza); Euskara eta Euskal Kultura (10); Emakumea eta Genero Berdintasuna (3); Gazteria eta Partaidetza (3); Gizarte inklusioa eta integrazioa (6). Ekintza horiek antolatzen talde sustatzailea osatzen duten 18 eragile aritu dira: 3 ikastetxe, udaleko 9 sail eta teknikari, eta 6 elkarte.

Urteotan guztiotan, Ordizia ezagutzeko unitate didaktikoak sortu dira, argazki zaharrean bilduma osatzen ari da, eta dokumentu monografikoak sortzeko asmoa ere badago, Belen Maiza zinegotziak azaldu duenez. "Horrez gain, badago beste egitasmo sendo bat ere. Hiri-Hezitzailea filosofiaren barruan lan egiten ari garen mugimenduen artean sinergia eta elkarlan proiektu bat lantzen ari gara: Herrietako curriculumak. Proiektu horren bidez ezagutzak jarriko ditugu herritarren eskura. Azpeitia, Oñati, Orio... dira proiektu horretan ari diren beste herri batzuk. Helburua elkar aberastea da eta elkarrekin sinergiak sortzea"

Hiri Hezitzailea. Talde eragilea
• Ikastetxeak: Jakintza Ikastola, Oianguren institutua eta Urdaneta ikastetxea.
• Udala: Euskara Zerbitzua, D'elikatuz, Gazte Bulegoa, Gazte lokala, Kale Hezitzaileak, Migrazioa eta Aniztasun teknikaria, Gizarte Hezkuntza eta Berdintasun teknikaria, Kultura eta Ongizate zinegotzia eta kultur teknikaria.
• Elkarteak: Hitzaro euskara elkartea, Goierriko Bertso Eskola, Goiztiri AEK, Zuhaizti zentro soziala, Kimetz emakumeen elkartea eta Goienetxe Fundazioa (Garagunea).