2015-02-11 trukeaGaurtik aurrera, liburuak doan hartu ala utzi ahal izango dira Barrenako ezkaratzean

Liburu Trukaketarako Txokoa jarri du martxan gaur Ordiziako Udal Liburutegiak Barrenako ezkaratzean. Soberan edota errepikatuta dituen dozenaka liburu jarri ditu liburutegiak herritarren eskura, ekimen honi hasiera emate aldera. Herritarrek ere etxean erabiltzen ez dituzten liburuak utzi ahal izango dituzte txoko horretan, eta beste norbaitek utzitakoak erabili. Nahi beste liburu truka daitezke.

Irakurzaletasunaren sustapena eta komunitate bateko parte izatearen sustapena uztartu nahi ditu Ordiziako Udalak txoko berri hau sortuta, partekatzea eta errespetua oinarri bezala hartuta. Herritarrei liburu trukean parte hartzeko deia egin die udalak, etxeko apalean duen liburua txokoan utzi eta beste norbaitek eramandako liburua hartzeko aukera izango baitute.

Ikasketa txokoa abenduaz geroztik
2015-02-11 liburutegiaBestetik, udalak gogorarazi nahi du abenduaz geroztik zabalik dagoela Barrenako behe solairuan ikasketarako liburutegi eraberritua. Sabai berria pladurrezkoa da, zorua terrazoa –aurretik zegoen egurrezkoa pipiak jota zegoen-, eta elektrizitate eta argiteria instalazioak berritzeko ere baliatu da obra.