2015-01-13 emusik2016Donostiako eta Ordiziako musika eskolek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur

Ordizia Donostiako 2016 Europako Kultur Hiriburu egitasmoaren barruan egingo den Emusik 2016 jaialdirako egoitza ofizial izango da. Gaur sinatu dute Ordizia-Goierriko Musika Eskolak eta Donostiako Musika Eskolak lankidetzan aritzeko hitzarmena. 2016ko maiatzaren 6tik 8ra ia 500 kontzertu izango dira, eta Europako 26 herrialdetako 10.000 musikari baino gehiago elkartuko dira. Horietatik 150 Ordizian izango dira egun horietan. Adierazi dutenez, Europaren Musika Kultura balioan jarriko duen prozesu bat izango da, eta balio kulturala, integrazio soziala eta hiri partaidetza landuko ditu. Gaurko ekitaldian Ordiziako Musika Eskolako ikasle Paula eta Aitana Etxeberria ahizpa bikiek (Twin Melody) Emusik 2016 jaialdirako aukeratutako 'Musikatu Bizitza' abestia kantatu dute.

Igor Eguren alkateak, Belen Maiza kultur zinegotziak, Mertxe Munduate Ordiziako Musika Eskolako zuzendariak eta Mikel Mate Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskoletako zuzendari eta Emusik 2016 proiektuaren kudeatzaileek parte hartu dute gaurko ekitaldian. Egurenek adierazi du proiektuan parte hartzeko gonbidapena zalantzarik gabe onartu zutela, Ordizia Europan kokatzeko balioko baitu.

Belen Maiza zinegotziak Ordiziak musikarekin beti izan duen loturari eta tradizioari egin dio aipamena, batez ere Ordiziako Musika Eskolaren bidez, musika bandaren bidez, eta herrian dauden abesbatza eta gainontzeko taldeen bidez. "Proiektu hau Ordiziaren herri partaidetza balioan jartzen saiatuko da 2016ko maiatzean egingo den jaialdi europar honetan".

Egoitzak, funtsezko oinarriak
Musika jaialdi hau 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren proiektu izarretako bat dela adierazi du Mikel Matek. "Proiektu honen funtsezko oinarriak egoitzak dira. Egoitza garrantzitsuenetako bat Ordizia izango da, eta parte-hartzeari eta lurraldeko hainbat herrirekin lortutako akordioei esker, 2016ko maiatzaren 6tik 8ra izango diren ia 500 kontzertuak antolatzea ahalbideratuko digu". Materen esanetan, musika jaialdi honek eragina izango du, Europako 26 herrialdetatik 10.000 musikari baino gehiago etorriko baitira. "Europaren Musika Kultura balioan jarriko duen prozesu bat izango da, eta balio kulturala, integrazio soziala eta hiri partaidetza landuko ditu".

Horrez gain, Laborategiak martxan jarriko direla nabarmendu du Matek, gauza berritzaileak egitea helburu hartuta. "Esaterako, ordiziar guztiak, musika eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak, herriko musika taldeak eta Ordizia-Goierriko musika eskoletako herri elkartuak gonbidatuta zaudete aurtengo maiatzaren 9an Donostiako Anoeta Estadioan jaialdiaren inaugurazioa prestatzeko egingo den ekitaldira".

Hitzarmen positiboa
Mertxe Munduate Ordizia-Goierriko Musika Eskolako zuzendariaren iritziz, oso positiboa da Ordiziarentzat hitzarmen hau sinatzea. "Denontzat esperientzia aberasgarria izango da, bai Musika Eskolarentzat, bai irakasle eta ikasleentzat, eta noski, baita Ordiziarentzat eta elkartu dauden beste herrientzat ere". Munduateren esanetan, egunero ez dira horrelako aukerak sortzen, eta "ederra" izango da Europako beste herrialde batzuetako musikarien musikarekin gozatzea. "Gure helburua haiekin elkarlanean aritzea da, eta Ordiziara etortzen direnean etxean bezala sentiaraztea".

Horrez gain, Munduatek aurreratu du proiektu honen egoitza izanda, Europako 150 musikarik baino gehiagok Ordizia bisitatuko dutela 2016an, eta Ordiziako eta elkartutako beste herri batzuetako musika ikasle eta musikariekin jotzeko aukera izango dutela.