2014-09-11 azokaliburuaXV. Gerriko Ikerlan-bekaren irabazle Uzuri Aboitizek, Beñat Garmendiak eta Luxia Iriondok osatu dute liburua

Gaur osteguna, hilak 11, 'Ordiziako azoka, kasu etnografiko bat' liburua aurkeztuko dute D'elikatuzen XV. Gerriko Ikerlan bekaren irabazle Uzuri Aboitizek, Beñat Garmendiak eta Luxia Iriondok. Aurkezpena 19:00etan da. Ordiziako eta Lazkaoko udalen, Maizpide Euskaltegiaren eta Gerriko kultur elkartearen babesarekin eman da liburua argitara.

Egileek honela laburbildu dute liburuaren mamia: "Ordiziako azokan asteazkenero gauzatzen da salerosketa, batik bat elikagaiena. Azokak bete izan duen eta betetzen duen funtzio ekonomikoa ezin da zalantzan jarri, baina, betiere, aspektu kulturalarekin eta sozialekin elkarlotuta ageri dela baieztatu da etnografia honetan. Gaur egun, azokaren garrantzia ekonomikoa nabarmen jaitsi da, eta eskualdeko mugarri ekonomikoa izateari utzi dio; horrekin batera, Ordiziako herriaren eta eskualdekoaren bizitza politikoa, soziala, kulturala eta erlijiosoa egituratzen zuen eremu izateari utzi dio".

"Hala eta guztiz ere, oraindik interesgune da ekoizleentzat, merkatarientzat zein instituzioentzat. Azoka eremu pribilegiatua da testuinguru sozialak eta ekonomikoak behatzeko. Eta, batik bat, harreman sozialen azterketa gauzatzeko. Izan ere, helburu ekonomiko soiletik kanpo, Plaza Nagusian, asteazkenero, hainbat subjektu jartzen dira harremanetan".