2014-09-02 benitoMajori kiroldegian izango da, 22:00etan hasita. Sarrerak 18 euro balio du aurrez erosita, eta egunean bertan 20 euro

Benito Lertxundiren kontzertuak emango dio hasiera aurtengo Euskal Jaien egitarauari, datorren ostiralean. Kantari oriotarraren eta haren taldekideen kantaldia Majori kiroldegian izango da, 22:00etan hasita. Sarrerak, aurrez erosiz gero, 18 euro balio du, eta egunean bertan 20 euro. Unibertsitateko ikasle talde batek sortutako Fenix produkzio etxeak antolatu du kontzertua, Ordiziako Udalaren babesarekin. 'Oroimenaren oraina' (Elkar, 2012) azken diskoaren kantuak joko ditu Lertxundik emanaldiaren hasieran, eta kantu ezagun eta kuttunak bukaeran. Taldeko musikarien artean ordiziar bat dago, Peio Ramirez biolontxelo eta soinu-jotzailea. Benito Lertxundi 2009ko urtarrilaren 25ean izan zen azkenekoz Ordizian.

Abuztuaren 23an Lekeition izan eta gero, Ordizian emango dio jarraipena Benito Lertxundik udan zehar egiten ari den kontzertu sortari. Irailean zehar beste bi kontzertu egingo ditu: larunbatean, hilak 6, Atarrabian, eta hilaren 27an Azpeitian. Ordiziako kontzerturako sarrerak honako tokietan eros daitezke aurrez, 18 euroan: Ordizian Pottoka, Olano eta Kiko Enea tabernetan, eta Majori kiroldegian; Beasainen Basakana tabernan; Idiazabalen Izpar dendan; eta Zaldibian Joxepane tabernan. Kontzertu egunean sarreraren prezioa 20 eurokoa izango da. Emanaldia 22:00etan da, eta ez 21:00etan, hasiera batean iragarri bezala.

'Oroimenaren oraina' azken lana 70 urte bete berritan aurkeztu zuen Benito Lertxundik (Orio, 1942). Sortze lan zaindua da, sakona eta sentsuala, eta ohi bezala, maila goreneko hitz egile eta musikariz inguratuta sortutakoa da. Fernando Pessoa, Jon Maia, Jose Ramon Uriarte, Olatz Zugasti, Kirmen Uribe, Pako Aristi eta Lertxundi bera dira azken diskoko letren egileak.

Musikari taldea, berriz, honakoek osatzen dute: Olatz Zugasti (Ahotsa, arpa eta teklatua), Angel Unzu (gitarra eta perkusioa), Juantxo Zeberio (pianoa eta teklatua), Amaiur Cajaraville (bajua), Gurutz Bikuña (gitarra), Joxe Mari Irastorza (haizezko tresnak); Kutxo Otxoa de Eribe ( biolina) eta Pello Ramirez ordiziarra (biolontxeloa eta eskusoinua).

50 urte musikagintzan
Benito Lertxundi 60ko hamarkadan Michel Labeguerierekin batera hasitako 'Kanta berri' joeraren fundatzaileetako bat izan zen eta bere jaioterriari zor dio 'Orioko Bardoa' goitizena, hantxe sortu baitzen 1942ko urtarrilaren 6an, Errege Egunean. 1971n argitaratu zuen bere lehen diskoa eta harrezkero 16 lan kaleratu ditu. Horiei esker, euskarazko kantuen panoramako artista ezagun eta maitatuenetakoa bihurtu da.

1964an, 'La voz de España' egunkariak antolatutako Artista Berrien Lehiaketan hartu zuen parte, eta geroago, SER irrati katearen 'Salto a la Fama' irratsaioan, lehen saria eskuratuz. Benito Lertxundi 'Ez dok amairu' kultur mugimendu abangoardistaren (1966–1972) kide sortzailea ere izan zen, Mikel Laboa, Jose Angel Irigarai, Artze Anaiak, Xabier Lete eta Lourdes Iriondorekin batera, besteak beste. Mugimendu hura desagertuta, bakarkako bideari ekin zion Orioko kantariak, 16 diskoko lan mardul eta oparoa sortuz.

Lertxundiren diskografia
-Benito Lertxundi (1971)
-Oro laño mee batek... (1974)
-...eta maita herria, üken dezadan plazera (1975)
-Zuberoa / Askatasunaren semeei (1981)
-Altabizkar / Itzaltzuko bardoari (1981)
-Gaueko ele ixilen baladak (1985)
-Mauleko bidean... izatearen mugagabean (1987)
-Pazko gaierdi ondua (1989)
-Hunkidura Kuttunak I (1993)
-Hunkidura Kuttunak II (1993)
-Hitaz oroit (1996)
-Auhen sinfonikoa (1998)
-Nere ekialdean (2002)
-40 urtez ikasten egonak (2005)
-Itsas ulu zolia (2008)
-Oroimenaren Oraina (2012)