2014-05-09 dantzari Amets Bideren 50. urteurreneko ekitaldiei hasiera emango zaie topaketa honekin

Ordiziako Amets Bide dantza taldea 50. urteurrena ospatzeko lanetan murgilduta dabil, eta igande honetan zortzirako, hilak 18, III. Dantzari Eguna antolatu du. Haurren taldeak 10 izango dira, herri ezberdinetakoak. Eta helduen taldeak berriz, 7; dantza taldean ibilitako ordiziarrez osatuak. Hauez gain, Nepaldarren talde bat ere izango da haien artean. Dantzari Egunean, 5 urtetik hasi eta 70 urte bitarteko dozenaka dantzari elkartuko dira Ordizian.

Goizean, herria alaituz desfile ezberdinak egingo dira eta 13:00ak aldera talde guztiak J.M. Barandiaran enparantzan elkartuko dira alardea ospatzeko. Bertan, talde bakoitzak bere erakustaldia eskainiko du. Ondoren, bazkari herrikoia egingo da. Arratsaldean, berriz, haurrentzako elektrotxaranga izango da, eta 18:00etan erromeria izango da Plaza Nagusian Dantzadi taldearekin.

Ekitaldi gehiago urtean zehar
Dantzari Eguna ez da izango datozen asteetarako antolatutako ekitaldi bakarra. Maiatzaren 30ean, 19:00etan, Amets Bideko dantzari txikien emanaldia izango da Herri Antzokian, eta ekainean, berriz, garai bateko argazkiekin osatutako erakusketa bat zabalduko da Barrenan. Era berean, San Pedro bezperako erromerian ere parte hartuko dute Amets Bideko dantzariek.

Santa Ana jaietan zein Euskal Jaietan ere parte hatuko dute, eta urtea amaitzerako, berriz, emanaldi berezia prestatzen ari direla aurreratu zuten asteartean Barrenako parkean egin zuten aurkezpenean. Eguna eta egitaraua, hala ere, oraindik ez daukate zehaztuta.

III. Dantzari Eguneko egitaraua
11:00: Txikien taldeei harrera eta hamaiketakoa, eta nepaldarren emanaldia. Barandiaran plazan. Gero, kalejira: Barandiaran plaza-Gudarien Etorbidea-Kale Nagusia-Plaza Nagusia-Urdaneta-Andre Mari-Barrena-Barandiaran.
11:00: Helduen taldeei harrera eta hamaiketakoa, eta kalejira: Frontoi txikia-Plaza Nagusia-Garagartza plaza-Barandiaran (gaztetxoak, gazteak eta helduak); Garagartza- Plaza Nagusia-Frontoia-Barandiaran (Beteranoak)
13:15: Alardea Barandiaran plazan. Ikurrin dantza, Agurra eta Zazpi Jauzi dantzari txikiek; helduek, dantza bana eta denak batera, amaitzeko, Fandangoa, Arin-Arina eta 'Ordiziarrak gera' kalejira.
14:00: Bazkaria frontoian. Bazkalondorenean kantuak Aitor Furundarenarekin.
15:30: Umeentzako jolasak frontoi txikian eta Elektrotxarangarekin dantzaldia.
17:30: Erromeria Plaza Nagusian.

Oharra: Euria egiten badu, dantzari helduak Plaza Nagusian elkartuko dira alarderako, eta dantzari txiki frontoian.