2014-05-06 etxeangoxo Hiru eta zazpi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta 50 minutuko iraupena du

Datorren igandean, hilak 11, 'Etxean goxo' izeneko txotxongilo antzezlana izango da Ordiziako Herri Antzokian, haurrentzat. Irailera bitarte ez da egongo umeentzako filmarik, eta hutsune hori betetzeko antolatu da emanaldi hau. 16:45ean hasiko da saioa, eta sarrerak leihatilan bertan egongo dira salgai: umeen sarrera 4 euroan, eta helduena 5, 50 euroan. Rosa Martinez & Lagunak konpainiak sortutako antzezlan hau 3 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta 50 minutu irauten du.

Ikuskizun jostagarri honetan, arratoi arrunt bat da protagonista nagusia. Izen gabeko arratoi aparta honek etxekoen epelean bizi nahi du. Ametsa lortu nahian, eguneroko bizimodua alde batera utziko du eta abentura itzeletan arituko da. Bidaian pertsonaia askorekin egingo du topo; adibidez, beti modan jantzita dagoen Alai txakur dotore eta jostalaria; bere lagun mina den Bianca Isabella katu pinpirina; Clementina dendari fina eta Zirkoko izar ausarta eta aparta den Sir Arthur lehoiarekin.

Hala ere, ahaleginak eta bi egin beharko ditu gure protagonista atsegin eta gogotsu honek bere burua maskota bezala ikusi ahal izateko. Maitasuna denontzat dago munduan, arratoi txiki batentzat ere bai.