2014-03-20 argiberri Sei bertsolari gazte ariko dira nor baino nor, eta lehen biak Osinaldeko finalerako sailkatuko dira

Larunbatean, hilak 22, Bertsolari Gazteen XVII. Argi Berri Saria jokatuko da izen bereko elkartean. Sei bertsolari ariko dira nor baino nor, eta epaimahaiaren arabera puntuazio handiena lortzen duten bi bertsolariak apirilaren 12an Gabiriako Osinalde elkartean jokatuko den finalera sailkatuko dira. Afarirako txartel guztiak salduta daude dagoeneko, baina saioa entzutera joan nahi duenak ateak zabalik izango ditu.

Hauek dira larunbatean kantari ariko diren sei bertsolariak: Imanol Uria (Algorta), Aitor Irastorza (Zaldibia), Aitzol Iturbe (Antzuola), Aitor Salegi (Zestoa), Jokin Bergara (Eibar) eta Ortzi Murua (Azkaine). Epaimahaiaren puntuazioaren arabera jakingo dira bi finalisten izenak, baina entzuleen gustuko bertsolariaren alde botoa emateko aukera izango dute.

Joan den larunbatean jokatu zen Zaldibiako Osinberde elkartean Osinalderako lehen kanporaketa. Malen Amenabar (Larrabetzu) eta Josu Oiartzabal 'Xenpelar' (Azpeitia) sailkatu ziren finalerako. Hirugarren eta azken kanporaketa hilaren 29an jokatuko da Aztiria elkartean.