ARRATE LEUNDA KONTALARIAGaueko 10:00etan Lehiaketako finalistekin eta hainbat narratzaileekin.

Ostirala honetan, hilaren 21ean, Ordiziako Barrena Kultur Etxean, gaueko 10:00etan, Ahoz-Aho Jaialdiaren Ikuskizun nagusia ospatuko da.

Duela egun batzuetatik hona, ipuin eta istorioen berotasunak bildu egin gaitu. Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berri honetan, narrazioaren irakasleek ilusioaren garra piztu dute gure baitan. Jaialdiari amaiera emateko, hitzaren Akelarrea antolatuko da, hau da, Ahozkotasunaren Jaialdi Nagusia. Ordiziako Barrena Jauregia izango da gure akelarrearen kobazuloa eta hitzordua datorren ostiralean izango da, martxoak 21, 22:00etan.

Istorioek eta ipuinek sorginduko gaituzte, ez dugu edari magikoen beharrik izango. Narrazioaren aztiak gonbidatu ditugu horretarako: Kamerungo Boni Ofogo eta Uruguayko Patricia McGill eta gure azti kontalari euskaldunak: Lur Korta, Amaia Arriaran, Iban Nikolai eta Arrate Leunda ordiziarra.

Gaueko sua Ahozko Kontakizunen II. Lehiaketako hiru finalistek piztuko dute: Iñaki Carreterok (Gasteiz), Pili Eskisabelek (Ataun), eta Ibai Esoainek (Orio). Jaialdia amaitzean bigarren edizioaren irabazlea zein izan den jakingo dugu.

Eta partaiden artean aipamen berezia Arrate Leunda narratzaile ordiziarrarentzat, berriro narrazio mundu xarmagarri horretara datorkiguna. Arrate magisteritzan diplomatua da. Lehenengo aktuazioa URRUP ANTZERKIArekin egin zuen, 1992. urtean, eta urtebete geroago hasi zen ipuin-kontalari gisa, Ordizian. Lehenengo urteetan saio gutxi batzuk baino ez zituen egin, Gabonetan. Baina, geroago, telefonoa maiz samar jotzen hasi zen, eta liburutegien munduan sartu zen, irakurzaletasuna bultzatzeko saioen bidez. Lan hori haur-eskolako irakasle lanarekin batera egiten zuen. Guztiz autodidakta da. Bere eskarmentuari esker ikasi dut dakiena. Alaba jaio zenean, ipuinen kontu hau bigarren planora pasa zen. Orain zirkuitu guztietatik at baldin badago ere, "sasoian" mantentzen da Urrup taldeko kideekin eta noizean behin, okasio berezi honetan bezala, taula gainera igotzen da bere kontakizunak eskaintzeko.

Jaialdiko magiak liluratu egingo gaitu, Ordizia berriro kulturen arteko topaleku bihurtu baita. Egun batzuetan ipuin eta istorioen gotorleku izan gara eta istorio horiek gure barnean geratuko dira, ez izan zalantzarik...

"Ahozkotasunaren festa" izango da ostiraleko ekitaldia, Aktore parte-hartzaileek erabat liluratuta utziko dituzte ikusleak, ipuinak, historiak, kontakizunak eta gertakizunak kontatuz, narrazio-estilo ezberdinak erabiliz. Mundu zabaletik etorri, eta eszenatokian egingo dute topo artista guztiek, bakoitzak eskainiko duen ikuskizunaren zatitxo bat erakusteko festa kolektibo horretan.