YOSHI HIOKIYoshi Hioki (Japonia) eta Joxe Mari Carrere (Euskadi) larunbata honetan Barrena Kultur Etxean (17:00 h.)

Ahoz-Aho jaialdiaren edizio berriak, seigarrena, ahozko tradizioko kontakizunak, literatur narrazioak, joko eszenikoak, poema musikatuak, deklamatutako bertsoak, hitz-jokoak eta beste ikuskizun mordo bat ekarriko dizkigu Ordiziara, denak ere ipuinetan oinarritutakoak. Ahoz Aho jaialdia pasa den otsailaren 28an hasi bazen ere, II Narrazio lehiaketarekin, ekintza nagusienak martxoaren 15tik 21era garatuko dira Ordizian.

Aurtengo ekitaldiko parte-hartzaileak, handik eta hemendik datoz: Europa, Afrika, Amerika, Asia eta Oceania. Bost kontinenteko jaialdia dugu aurtengoa.... Hainbat estilo eta hainbat forma, gure mundu anitz, mestizo eta kultura askotarikoaren erakusgarri. Kultura desberdinak, mundu ikuskera desberdinak, jarri nahi dira aurrez aurre, mendean hartu nahi gaituen kultur globalizazioari ihes eginez. Elkar ezagutzea da helburua, harremanak ezartzea eta areagotzen ari den mestizaje aberasgarria onartzea, bakoitzak bere izateari eutsiz.

Ordiziako ikastetxeek, Urdaneta eta Jakintza protagonismo berezia izango dute Jaialdian eta aurten Jaialdiak bere espazioa handitu du eta Zuhaizti zentrora ere gerturatu da.

Larunbata honetan, hilaren 15ean, arratsaldeko 5etan, Barrena Kultur Etxean jaialdiaren ekitaldi nagusienetariko bat ikusteko aukera izango da: Yoshi Hioki japoniarraren eta Joxe Mari Carrere euskaldunaren buruz buruko saio aparta.

YOSHI HIOKI margolari eta narratzaile japoniarra da.. Bartzelonan bizi da, 1991. urtetik. Hainbat lan egiten ditu, hizlari eta irakasle gisa, Bartzelonako Museo Etnologikoaren eta Asia Etxearen jardueren barruan. Betidanik, izugarri atsegin izan du ipuinak irakurtzea eta entzutea, eta, 1999. urtetik aurrera, Japoniako garai guztietako ipuinak, mitoak, kondairak, eta literatur narrazioak kontatzen aritu da. Yoshi Hiokik osagarri sentitzen ditu narrazioa eta margolaritza. "Elurra, euria, kamelia-lorea... Japoniako ipuinak hitzez eta isiltasunez egindako margo-lanak dira. Bizitzaren beraren poza eta tristura islatzen duten margoak". ANIN Associació de Narradores i Narradors elkarteko kidea. Arte Ederretan lizentziatua, Bartzelonako Unibertsitatean. Irakaskuntzarako Gaitasun Ikastaroko tituluduna, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan. Beraren idazle gogokoenak Michael Ende eta Ryunosuke Akutagawa dira.

Yoshi Hiokiren saioek ez dute beste narratzaileen saioen antzik; izan ere, hizkuntza soila baina trinkoa erabiltzen du, Japoniako idiosinkrasiaren ezaugarri bat islatuz. Beraren azentuek eta keinu sotilek guztiz ezezaguna, baina kalitate handikoa, den narrazio-tradizio baterantz garamatzate, ezin konta ahala ipuin eta kondairekin. Narrazio-saio harrigarria, ederra eta jostagarria.

CarrereBeste aldetik Joxe Mari Carrere (Pasai Donibane, 1963) ipuin kontalaria, aktorea eta kazetaria da. Antzerkigintzan 16 urterekin hasita. Hainbat antzerki lanetan aktore lana, azkena Ez txakur, Ez otso, René de Obaldia-rena, 2006 urtean estreinatutakoa.
Antzerki irakasle aritu izana UEU-ko udako ikastaroetan. Jardun nagusiena ipuin kontalariarena da. Orain arte bospasei ipuin ikuskari aurkeztu ditu. Ipuinak bereak zein herri tradiziotik moldatuak kontatzen ditu. Egungo gaiak ardatz hartuta burutzen ditu ikuskariak. Emakumea: Mingain haragia, ihesa: Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka; kontalaritza tradizionala gaurkotzea: Izena duen guztia da; emakumeekiko bortizkeria: Bai ona nire emaztea! Emazteak jaten zituzten gizonen istorioak. Kontalari bezala iberiar penintsula osoan zein Latinoamerikan aurkeztu ditu bere lanak.

Aperitibo ezin hobea Ahoz Aho Jaialdiak eskeiniko duena larunbata honetan, Barrena Kultur Etxean, arratsaldeko 5etatik aurrera. Barrenako saioaren ondoren, Ahoz-Aho jaialdia kalera aterako da eta arratsaldeko 7:30etatik aurrera Pailaztana Klown taldearen "Tuturrumurruk" izango ditugu kalez kale. Oinezkoak istorio laburrekin, ipuiekin, poemekin... gozarazten dituzten pertsonaia bitxiak. Hauetariko bakointzarengana txutxu-mutxu majiko bat, zurrumurru poetiko bat... entzutera hurbiltzen diren oinezko kuxkuxeroak. Ahozko altxortxoak belarrira...Tutu baten sonoritateaz kontatzen diren istorio pertsonalizatuak. Tutu oso berezi bat...