Kartela EuskerazGaueko 22:15etan "Ondoko tipoa" antzezlan umoretsua eskeiniko dute.Sarrerak Barrenan.

Txalo Produkzioak Herri Antzokira "Ondoko hilobiko tipoa" lana ekarriko du ostirala honetan, gaueko 10:15ean. "Antzerki garaia" programaren barruan aurkezten den hirugarren muntaia da, eta Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailekin antolatzen da. Programa hau Euskadiko Antzerki Sarearen barruan sartzen da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailen laguntza jasotzen du .
Antzezlan umoretsua taularatuko du ostiralean Txalo Produkzioak Konpainiak Herri Antzokian. Begoña Bilbaok zuzentzen du Katarina Mazetik idatzitako "Ondoko hilobiko tipoa" antzezlana eta euskarazko bertsioan gozatu ahal izango du publikoak, gaueko 22:15etan. Taularen gainean aski ezagunak diren Aitziber Garmendia eta Iker Galartza izango dira, biak ala biak, barrea transmititzeko gaitasun handia daukaten aktoreak.
Zeinek esan... Neska pinpirina baserrian! Eta baserritar bat operan? Biak oraindik gazteak. Aiora: polita, gozoa eta alarguna. Pablo: zekena, egoskorra eta ezkongabea.
Bi mundu ezberdin leku berean. Bata bestearen ondoan, kanposantuan. Aiora eta ondoko tipoa... Pablo.

Maila sozial eta kultural ezberdinak aurrez aurre. Irribarre leun bat, ordea, nahikoa izango da bi protagonisten arteko sua pizteko. Ezinezkoa litzatekeena posible egingo duen istorio zoragarri honetako sua. Modu honetan, maitasuna sortuko da bi pertsonaien artean, baina umoreak lagunduko dio tramari. Izan ere, Aiora eta Pabloren arteko ezberdintasunek egoera barregarriak sortuko ditu antzezlanean zehar. "Amodioa da istorioaren muina, baina umoretik aldendu gabe", aipatu du Aitziber Garmendia aktoreak. Bada, istorio sinple hori irudikatzeko, eszenografiak garrantzi handia dauka. "Bi pertsonaien barne unibertso eta sentipenak irudikatzeko, argiarekin jolasten dugu", azaldu du Garmendiak. Hala ere, pertsonaien sakontasuna aktoreen lan bikainari esker igartzen da.
Aski ezagunak diren bi aktore izango dira taula gainean: Iker Galartza eta Aitziber Garmendia. Iker Galartza etengabe ari da lanean bai antzerkian eta baita telebistan ere. Azkeneko egin dituen antzezlan batzuk aipatzearren: Gau Erdian (Itziar Ituñorekin batera), Joseba Usabiagarekin antzeztutako Ate Joka, Bota Patza, Erreleboa, ... Antzerkiaz gain oso aurpegi ezaguna da telebistan ere, esaterako, Vaya Semanita saioko aktore bezala gogoratuko dugu eta orain ETB1eko Irrikitown umorezko saioko protagonista ere bada. Pailazo bezala ere topatu dezakegu "Poxpolo eta Mokolo" bikotean.

Aitziber Garmendia ere lan handia egindakoa da bai antzerkian eta baita telebistan ere.
Antzezteko moduan duen freskotasuna eta alaitasuna agerian utzi zituen esaterako Emakumeak Izarapean antzezlanean, Ainhoa Garairekin batera osatutako Baginaren Bakarrizketak lanean, edo Wilt, Kafka eta panpina bidaiaria antzezlanetan. Telebistan ere maiz ikusi izan dugu, programarik ezagunenak aipatzearren Mi querido Klikowsky, Martin, Sorginen Laratza, Irrikitan, Finlandia, ...
Komedia jostagarria ostirala honetan Herri Antzokian. Hitzordua gaueko 22:15etan eta sarrerak Barrena Kultur Etxean daude salgai.