muntaia2Ados Teatroak "Figuranteak " lana antzeztuko du, Asier Hormaza eta Mikel Laskurain aktoreekin.

Asier Hormaza eta Mikel Laskurain euskal aktoreek 'Figuranteak' komedia antzeztuko dute datorren ostiralean Ordiziako Herri Antzokian 22:15etatik aurrera. Lan horrekin zabalduko da Ordizian "Anterki garaia" programazioaren hogeigarren edizioa. Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

"Euskal Herria sakoneko" herrixka baketsu batetako bizimodu lasaia kolpetik aldatuko da zinema ekoizle bat "euskal zaporea" topatu nahian (jatorrian irlandar herrixka batean ekoizturiko errodajea erretratatzen zuen) aurrekontu handiko filma grabatzera etorriko denean. Errodaje talde honen etorreraz geroztik, egoera zoro eta dibertigarri aunitz emango dira, pelikulako bi figuranteren begietatik ikusiko ditugunak, herrixka lasai horretako bizimodua egun batetik bestera goitik behera aldatuaz. Bi estra hauek, istorioko protagonistak biak, bi gizon arrunt dira, famatu izateagatik deabruari euren arima saltzeko gai izango direnak. Sasi-aktore hauek bilakatuko diren pertsonaia guztien bitartez (hogei bat inguru), hainbat egoera desberdinen bidez, zinema eta itxurakeriaren munduak kaleko pertsona arruntengan duen eragina ("herria" deritzona) ikusiko dugu, eta batez ere, bizi garen gizarte honetan sortzen diren hierarkiak azaleratuko dira, pertsonon tratua mailaketa honetara nola mugatzen den. Azken batez, antzezlanak zinema negozioaz baino, bizitzako negozioaz hitz egiten du, eta baita biziraun beharrak, pertsonon duintasun eta ametsei nola eragiten diguten ere.

Nahiz eta antzezlanak lorturiko arrakasta itzela izan, obra hau idazteko bulkada lanik gabeko aktore baten desesperaziotik jaio zen, eta baita, gustatzen zaizkizun gauzak zeure kabuz egiten ez badituzu zugatik inork egingo ez dituela jakitetik ere. Bere jatorria beraz, munduak zentzurik ez duen une beltz horietako batean dago. Baina idazleak, Marie Jones aktoreak, tunelaren amaieran argia topatzeko bertutea izan zuen Figuranteak (Stones in his pockets) joko/txantxa antzezlan hau sortuaz: antzerkia bere egoerarik puruenean. Stones in his pockets antzezlanaren ibilbidea Belfast-eko Lyrikc Theater-en hasi zen, eta bira probintzial baten ostean, Edinburgh Fringe Festival-ean aurkeztu zen 1999 urtean. Azkenik, London-eko Tricycle Theater eta New Ambassadors Theateren West End-en porturatu zen. Publiko eta kritikaren harrera bikaina jasoaz, Duke of York's-eko antzokira lekualdatu zen, non hiru urtez iraun zuen.

Obrak kontatzen duen istorioa, geure istorioa izan liteke, nahiz eta bi protagonistak, "Irlanda sakoneko" herrixka batean (bertsio honetan "Euskal Herria sakonekoak" bilakatuko ditugunak luzemetraia garesti baten errodajerako kontrataturiko bi figurante soil izan. Hala eta guztiz ere, euren ametsak, euren desioak, euren beldur eta fantasiak gutariko edonorenak izan litezke: bakardaderik gabeko bizitza hobeagoa, duinagoa eta lasaia.
Hortaz gain, Figuranteak antzezlanak desio dugunaren inguruko hausnarketa ezkutatzen du, ametsak lortzeko ezintasuna, eta horrekiko kontzientzia izateak dakarren frustrazioa. Marie Jones, idazlea, etsi eta bizirautearekin konformatzen garen
une horretaz mintzatzen zaigu, baina baita konformismo horrekin galtzen dugunaz ere. Eta irribarrez egiten du.

Lan bikaina "Antzerki garaia" zikloari hasiera emateko ostirala honetan Ordiziako herri Antzokian. Sarrerak eta abonoak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean.