2013-10-22 Sustraiez blaiMercedes Peon musikari galiziarra da aurtengo kartelburua

Larunbat honetan, hilak 9, Sustraiez Blai munduko kulturen XIII. topaketa ospatuko da Ordizian. Sustraiez Blai Kultur Elkarteak antolatutako musika jaialdia hirugarren urtez segidan egingo da Ordizian, elkartearen eta Ordiziako Udaleko Kultura sailaren elkarlanari esker. Azken urteetako egitura bera izango du jaialdiak: 19:00etan, Garagartza Plazan izango da lehen emanaldia, eta 21:00etan, Plaza Nagusian kontzertu nagusia, Mercedes Peon musikari galiziarra kartelburu dela. Ohi bezala, Sugaar tabernan emango zaio bukaera jaialdia, Javi Pez disko jartzailearen saioarekin.

Hona hemen aurtengo jaialdian parte hartuko duten musikarien zerrenda.


La Jodedera (19:00etan, Garagartza plazan)
2009. urtean sortuta, Kubako eta Euskal Herriko musikariek osatzen dute La Jodedera taldea: Jon Txorromorro (gitarra jotzailea eta kantaria) Jomes Bap (baxu jotzailea) Mandi Cienfuegos (perkusionista eta kantaria) eta Oscar La Habana (tres kubatarraren arduraduna) dira partaideak. Guztiak musikaren munduan aritutakoak badira ere, azken proiektu honekin eremu berri batera bidaiatzen dute. Alderdi erreibindikatiboa baztertu gabe, musika sortzeko eta jendeak ondo pasatzeko eta dantza egiteko helburuarekin sortu zuten taldea. Disko bakarra dute, momentuz, kalean: Karibe Kantauri Kantari (2013, Gaztelupeko Hotsak).

Mercedes Peon (21:00etan, Plaza Nagusian)
Mercedes Peon (kantautore, moldatzaile, produktore eta etnografoa) gaur egun nazioartean ezagunena den artista galiziarra da eta World music zirkuituan lan egiten duen emakumerik karismatikoena. Bere herrian, kantaria eta tresna asko jotzen dituen musika-jole galiziarra ez da jende askorentzat ezaguna, baina Europan sona handiko aldizkarietako azalean atera dute eta nazioarte mailako sari ugari jaso du.
Eszenario gaineko bere emanaldietan abeslari, gaita-jole eta perkusionistak hain bereak dituen koherentzia eta zintzotasuna erakusten ditu, Galiziako musikan sustraituta, baina testuinguru moderno batean, loops eta samplers-ekin oso modu naturalean lan egiten baitu. Bere musikak aspaldiko erritmoetatik eta musikarik berritzaileenetik (berak sortua) edaten du, era horretan musika tradizionala XXI. mendera ekarriz.

Korrontzi (21:00etan, Plaza Nagusian)
Korrontzik Mungian (Bizkaia) eman zion hasiera bere ibilbide musikalari Agus Barandiaran trikitilariaren eskutik. Bera Euskal Herriko folk musika zale amorratua da eta trikia asko maite du, ahal duen guztietan kea dariola jartzeraino. Ideia horri jarraiki funtzionatu du beti Korrontzik Euskal herriko folkari musika aberastasun are handiagoa emate aldera.
Taldeak 2013ko azaroan argitaratuko duen laugarren diskoak "Tradition 2.1" du izena. Korrontzi taldeak tradizioa eta folklorea gaurkotasunarekin lotuko ditu. Herrialde askotan egin dira grabaketak eta bertako kulturak txertatuko dira disko berrian. Toki eta kultura anitzetako musikari-laguntzaile mordoa izango du "Tradition 2.1" diskoak. Korrontzi taldeak diskoarekin batera ekingo dio etengabeko birari eta Agus Barandiaranen gidaritzapean Euskal Herriko kultur ondarearen ordezkaritza bihurtuko da mundu zabaleko jaialdi ospetsuenetan. Korrontzi Euskal Herriko folk taldea tradizio gaurkotuaren hausnarketa musikala baino ez da eta bere eskua luzatu nahi dio munduko musikari.

Yacine & The Oriental Groove (21:00etan, Plaza Nagusian)
Yacine Belahcene Benet Cheb Balowsi taldearen fundatzaile eta liderra izan zen. 90eko hamarkada bukaeran Bartzelonan sortu zen banda mitikoak soinu arabiar/balkaniko/mestizoa egiten zuen. Haren atzetik etorri zen Nour taldea, mediterraneoko soinuak nahasten zituen taldea, baita ere.
Orain, Yacine proposamen berri batekin dator: Yacine & the Oriental Groove, talde kultur anitza eta Bartzelonan bizi den Yannis Papaio laud-jotzaileak zuzendua.
Hemengo eta toki askotako musika, elektronikoa eta aljeriar folka, mendebaldeko popa eta Greziako melodiak, funka eta erritmo ezberdinak, soinu-paisaia berezia sortzen dutenak. Bertan ez dago hitzaldi errazik, ezta kultur aniztasunaren gainean hain gastatuta dauden topikorik ere.

Javi Pez (01:00ean, Sugaar tabernan)
Javi Pez,P3z edo Elektropez, Donostian jaiotako Javier Vicente Calderónen izen artistikoa da. Konposatzailea, produktorea, musikaria, disc jockeya eta ekitaldi-antolatzailea da. JAVI P3Z ORQUESTA egitasmoarekin penintsula osoan zehar egin ditu birak, eta 2005eko Sustraiez Blai Jaialdian hartu zuen parte.
Bere azken egitasmoak Triz3ps izena du eta taldekideak, berriz, hauek dira: Javi P3z (ahotsa eta gitarra), Alberto Bosch (baxua eta koroak), Oriol Flores (bateria). + Paul San Martin (teklatuak) eta Luis Camino (perkusioa).
Disc jockey bezala, talde askorentzat egin ditu remixak; hala nola: Diesler (Erresuma Batua), Ska Cubano (Erresuma Batua), Citizens International (Alemania), Atom Rhumba, Negu Gorriak, Le Mans, Spring, Los Sencillos, Esclarecidos, Carlos Berlanga, Sindicato del Crimen, Fermín Muguruza, Alex Gopher (Frantzia), Pizzicato Five (Japonia), Yukari Fresh (Japonia), Maxwell Implosion (Alemania), Aviador Dro, Le Tone... batzuk aipatzearren.
Estudioan Alex Martin, Bap!, Negu Gorriak, Xabier Montoia, Antón Reixa, Aventuras de Kirlian eta Le Mans taldeekin lan egin du eta zuzenean Aventuras de Kirlian, Xabier Montoia, Nación Reixa eta beste hainbatekin.