2013-10-17 Ordiziarock aurkezpenaDon Letts musikari eta zine zuzendari britaniarra da aurtengo kartelburua

Ostegunetik larunbatera bitartean, urriaren 17tik 19ra, ospatuko da Ordiziarrock 2013. Azken urteetako egiturari jarraituz, hiru eguneko programazioa osatu dute antolatzaileek, baina aurten, musika jaialdiak 10 urte beteko dituenez, ahalegin berezia egin dute, eta Don Letts musikari britainiarraren presentzia nabarmentzen da guztien gainetik.

Jaialdia bihar osteguna hasiko da, Dhuna eta Ekeko el perro taldeek D'elikatuzen egingo duten emanaldiarekin. Ostiralean, Hitzarok antolatutako kantu jira eta kantu afariak girotuko dute iluntzea, eta segidan, Ordiziako hiru taldek emanaldia egingo dute Plaza Nagusian: Zutik dirau, El cerdo que Grunge eta Perros del Norte.

Larunbatean, Don Letts
Egunik beteena larunbata izango da. Iluntzean Twin Melody eta Starblues talde ordiziarrek joko dute plazan, eta gatean, 23:00etatik aurrera, The Sparteens lapurtarren, The Clashen tributo diren Cabbage City Rockers ordiziarren, eta Don Letts musika eta zine zuzendari britaniarraren txanda izango da.

Lettsek eragin zuzena izan zuen 70eko hamarkadan punk musikaren hastapenetan Britainia Handian. The Clash taldearen musikan izandako eboluzioaren (reggae doinuak...) sustatzaile nagusia izan zen, eta talde horri buruz egindako Westway to the World dokumentalarekin Grammy saria irabazi zuen AEBetan.

Harekin batera Phil Strongman ere etorriko da. Sex Pistols punk talde handiaren biografotzat hartzen da, eta hainbat liburu kaleratu du punkaren historiaren inguruan.

2013-10-18 Ordiziarock 2013