2013-10-14 Lokalen aurkezpenaHerriko musikariek urte askoan izan duten behar bati irtenbidea eman zaio lokal horiek egokituta

Ordiziako Udalak herriko musika taldeentzat Majori kiroldegian prestatu dituen zortzi entsegu lokalak aurkeztu ditu gaur, astelehena. Kiroldegi barruko futbol zelaiaren aldamenean egokitu dira lokal horiek, eraikin berriaren barrenean. Lan horiek eginda, herriko musikariek urte askoan izan duten behar bati irtenbidea eman dio udalak. Bai udaleko ordezkariak eta baita Ordiziako Trobadore Alaiak taldekoak ere pozik azaldu dira elkarlanean garatu duten proiektuarekin.

Ordiziarrock 2013 musika jaialdiarekin bat egin du entsegu lokalen inaugurazioak. Ostegunetik larunbatera (urriaren 17tik 19ra) ospatuko da aurten Ordiziarrock, eta jaialdia girotzeko baliatu dute ate irekien gaurko saioa. Udaleko eta Trobadore Alaiak taldeko ordezkariek ez ezik, musika taldeetako kideek eta hainbat herritarrek hartu dute parte aurkezpenean. Zuzeneko emanaldi bat labur ere egin dute El Cerdo de que Grunge taldekoek, eta ondoren luncha eskaini dute musika taldeek.

Elkarlanean garatutako proiektua
Belen Maiza Ordiziako Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez, herriko kultur taldeei azpiegitura egokiak eskaintzeko ahaleginean beste urrats bat da entsegu lokalen aurkezpena, eta pozik azaldu da oraingoan gazteei zuzendutako proiektu bat izan delako. "Amets Bide dantza taldeak eta Urrup antzerki taldeak ere entsegu lokal berria dute urte berriaz geroztik Miami tabernaren azpian, eta orain herriko musikari gazteen txanda da".

Maizak nabarmendu du kultur azpiegiturak hobetzea dela udalak agintaldi honetarako jarritako helburuetako bat, eta gogora ekarri du udalak Herri Antzokiaren azpialdeko Nadal enpresaren lokalak erosi dituela, etorkizunean Ordiziako kultur bizitzaren erreferentezko azpiegitura izan dadin.

Musika taldeetako ordezkariekin elkarlanean garatutako proiektua izan da entsegu lokalena. Herritarrei enbarazurik sortuko ez dien tokia izatea, irisgarritasun aldetik egokia izatea eta funtzionamendu txukun baterako bermeak izatea ziren proiektua abian jarri aurreko oinarriak, eta Maizaren iritziz, lokal horiek Majorin eginda, oinarri horiek bete egingo dira. Bide batez, eraikinari erabilpen berria emango zaio, kirolaz kanpoko beste jarduera batzuei bide emanez.

"Majori kokapen ezin hobea da herritarrek musika soinuekin arazorik izan ez dezaten, eta irisgarritasun aldetik ere egokia da, taldeek haien musika tresnekin sartu-irtenean

ibiltzea baimenduko baitu. Kiroldegiko erabiltzaileei ere ez die eragingo lokal berri horien sorrerak, aparteko sarbide eta funtzionamendua izango baitute taldeek", adierazi du Maizak.

Ordiziako Udalak sustatutako Enplegu Planaren bitartez kontratatutako langileek egin dituzte lanak, uztailaren lehenean hasita. Udalak 40.000 euroko inbertsioa egin du.

Urteetako aldarrikapen bat egi bihurtuta
Ordiziako Trobadore Alaiak taldearen izenean Urko Ruiz de Apodakak hartu du hitza. Haren esanetan, taldea orain ia 15 urte sortu zen, eta haren sorrera helburuen artean egon da musika taldeentzako entsegu lokal publikoak lortzea. Gaur egun hamarretik gora musika talde daude Ordizian, eta orain lokalak estreinatzea urteetako aldarrikapen bat egi bihurtzea izan dela adierazi du Ruiz de Apodakak.

"Eskerrak eman nahi dizkiogu udalari izan duen borondateagatik, musikarion beharretara eta eskakizunetara egokitu baitu proiektua. Guk erabat babesten dugu proiektua eta ziur gaude etorkizuna izango duela, bai baitakigu, oztoporik ezean, musikak bizirik jarraituko duela Ordizian". Bide batez, Ordiziarrock 2013 jaialdiaren kartela aurkezteko baliatu du gaurko agerraldia Ruiz de Apodakak.

Musikarako ez ezik, herriko bestelako artista taldeen (antzerki, dantza...taldeak) elkarlanerako gune ere bilakatu nahi dute Trobadore Alaiek lokalen eremua. "Gune kultural zabala sortu nahi dugu lokalen inguruan, artistek jakin dezaten nora jo eskuartean proiekturen bat badute edo musikan lehenengo pausoak eman nahi badituzte. Izan ere, Majori kiroldegiko azpiegiturari esker, musikariek aurrera egiteko, bide desberdinak jorratzeko eta beste proiektu batzuk bilatzeko aukera izango dute".

Lokal horien funtzionamendu eta antolamendu egokirako lehen bilera joan den asteazkenean, urriaren 9an, egin zuten udaleko eta Trobadore Alaietako ordezkariek. Aurrerantzean bilera gehiago egitea aurreikusten da, eta horien ondotik, eremu hori partekatzen duten taldeekin bizikidetza arauak adostu ondoren, hitzarmen bat sinatuko da.