2013-10-16 Lokaletako bilerako argazkiaAsteazkenean egin zen lokalen antolamendurako lehen bilera udalaren eta Trobadore Alaien artean

Datorren astelehenean, urriak 14, egingo da Ordiziako Udalak musika taldeentzako Majorin egokitu dituen entsegu lokalen aurkezpena, 19:00etan. Ordiziarrock musika jaialdiaren barruan txertatutako ekitaldia izango da, eta hala nahi duten herritarrak ingura daitezke bertara. Aurkezpenaren ondoren, lau bost abesti joko dituzte taldeek eta lunch-a ere izango da.

Asteazkenean, urriaren 9an, egin zuten udal ordezkariek eta Trobadore Alaiak taldeko ordezkariek lokalen antolamendurako lehen bilera. Aurrerantzean bilera gehiago egitea aurreikusten da, eta horien ondotik, eremu hori partekatzen duten taldeekin bizikidetza arauak adostu ondoren, hitzarmen bat sinatuko da.

Kiroldegi barruko futbol zelaiaren aldamenean egokitu dira lokal horiek, eraikin berriaren barrenean. Zortzi lokal dira guztira, eta Ordiziako Udalak 40.000 euro bideratu ditu. Enplegu planaren bitartez kontratatutako langileek egin dituzte lanak. Lokal horiek egokituta, herriko musikariek urte askoan izan duten behar bati irtenbidea eman dio udalak.

Musika taldeetako ordezkariekin elkarlanean garatutako proiektua izan da entsegu lokalak egitea. Herritarrei enbarazurik sortuko ez dien tokia izatea, irisgarritasun aldetik egokia izatea eta funtzionamendu txukun baterako bermeak izatea ziren proiektua abian jarri aurreko oinarriak, eta udalaren iritziz, lokal horiek Majoriko eraikin horretan eginda, oinarri horiek beteko dira. Bide batez, eraikinari erabilpen berria emango zaio, kirolaz kanpoko beste jarduera batzuei bide emanez.