2013-09-05 Herri kirolak emaneurre trontzaHirugarren urtez antolatu du txapelketa Emaneurre taldeak

Euskal Jaiei hasiera emanez, datorren larunbatean, hilak 7, Emaneurre taldeak antolatutako Kuadrilla arteko III. Herri Kirol Txapelketa jokatuko da Plaza Nagusian, 17:30ean. Hamalau kuadrilla ariko dira nor baino nor, eta finala 21:00ak aldera izango da. Orain hiru urte hasi zen Emaneurre Realaren lagunartea txapelketa antolatzen, Ordizian herri kirolen inguruan zegoen hutsunea bete asmoz.

Aurreko bi ekitaldietan goizez antolatu izan dute txapelketa, eta arratsaldera pasata ikusle gehiago erakarri nahi dituzte. Batetik, ohiko herri kirol lehiaketa egingo dute, eta bestetik sokatira txapelketa. Kirolen artean badago aldaketa bat: ingude probarik ez da izango aurten, eta horren ordez asto karrera izango da. Sailkapen fasea amaituta, eta finalaren aurretik, bi aizkolarik erakustaldia egingo dute.

Afaltzeko, burruntzian erretako txerria

Lehiaren ondoren, burruntzian erretako txerria afalduko dute parte hartzaileek eta animatzen diren gainontzeko herritarrek. Afarirako txartelak salgai daude herriko hainbat tabernatan. Gauean, eta Plaza Nagusian bertan, Gozategi taldearen dantzaldia izango da 23:00etan hasita.