Emakumeok Mugimenduan, jatorri ezberdineko emakumeak igerian ikas dezaten
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuak, Kultura Demokratikoko eta Giza Eskubideetako Zerbitzuaren eta Ordiziako Udalaren lankidetzarekin, inklusioa eta jarduera fisikoa sustatzen ditu nazionalitate eta kultura desberdinetako emakumeentzako igeriketako programa aitzindari batean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Zerbitzuak Ordizia gonbidatu du Mugiment Estrategiaren baitan Emakumeok Mugimenduan programa abian jar dezan. Programa honen helburua da jarduera fisikoaren bitartez loturak sortzea nazionalitate, kultura eta erlijio desberdinetako emakumeen artean, eta batzuek besteengandik ikas dezaten ahalduntzearen bidean. Era berean, aukera eman nahi zaie ur ingurunean trebatu eta igeri egiten ikas dezaten, horrela bizimodu aktibo eta osasungarria sutatuta eta bizikidetza erreal eta inklusiboagoa sortuta.
Marta Pastor kiroletako foru zuzendariak adierazi duenez, «Emakumeok Mugimenduan programa aurrerapauso nabarmena da genero berdintasuna eta inklusioa sustatzeko jarduera fisikoan eta kirolean, arreta berezia jarrita nazionalitate desberdinetako emakume ez aktiboengan eta komunitate musulmanarengan. Programa horrek onartzen du oso garrantzitsua dela oztopo sozioekonomikoak eta kulturalak ezabatzea eta emakume guztiek kirola eta jarduera fisikoa egiteko aukera erraztea, haien jatorria, kultura edo erlijioa edozein izanik ere».
Bestalde, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu duenez, «Programa aitzindari bat da Ordizian martxan jarriko duguna. Beti aipatu ohi dugu Ordizian kirolak duen indarraz, eta ekimen honi esker jatorri ezberdineko emakume ordiziarrak kirolera gerturatu nahi ditugu. Guztira, zortzi saio eskainiko dira, eta bertan, besteak beste, aukera izango dute igeri egiten ikasteko. Pastorrek aipatu duen moduan, gure helburua da edozein dela ere jatorria, kultura edo erlijioa kirolean aritzeko pausua ematea emakumeek, osasunari zuzenean eragiteaz gain, beste hainbat onura ere ekartzen dituelako, hala nola, erlazio sozial berriak eratzea. Hala, inklusibitatearen aldeko urratsak ematen jarraitzen dugu Ordizian».
Igeri egiten ikasteak ez du soilik parte-hartzaileen osasuna eta ongizatea sustatzen, balio handiko gaitasunak eta konfiantza ematen dizkie jarduera fisikoaz gozatzeko ingurune lagunkoi eta seguruan, komunitatean, jarduera lehenengoz Ordiziako Majori kiroldegian egingo baitute.
Ordizia hautatu da Euskadiko migratzaile tasarik handiena duelako, kiroleko udal teknikaria duelako, aniztasun saila, jatorri atzerritarreko sare zabala, eta ostiraletan jatorri desberdinetako emakume talde bat biltzen delako jarduera fisikoa egiteko.
Ekimen honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Zerbitzuak espero du lurralde guztiko beste herri eta komunitate batzuetarako eredu izatea. «Inklusioa eta aniztasuna funtsezko balioak dira kirolean eta gizartean, oro har, eta Mugiment Estrategiaren eta Emakumeok Mugimenduan programaren esku-hartze hau aurrerapauso nabarmena da balio horiek lortzeko», Marta Pastor Kiroletako foru zuzendariak adierazi duenez.
Ordizian programa gauzatuko da Udalarekin lankidetzan, eta espero da emakume askoren bizitzan eragin positiboa izatea, ahalduntze prozesuan, herriko eta lurraldeko inklusioan eta bizimodu aktiboa sustatzea. Hasierako planteamendua da 8 saio izatea, astean 2 saio, 4 astetan. Ahal dela, eguerdian izan beharko lukete, haurrak eskolan egoten direlako, horrela kontziliazioa errazteko. Programa azaroaren 17an hasiko da, eta haren ezaugarriek emakume guztien parte-hartzea erraztuko dute: emakumeen taldea izatea (monitorea barne), hasierako laguntza, burkinia erabiltzeko aukera, eta abar.
Esku-hartze honi buruzko informazio gehiago lortzeko, interesdunak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuarekin edo Ordiziako Arreta Bulegora jo dezakete, 943 88 58 50 telefonora deituz.