Datorren astelehenean, otsailak 14, Beti Alai frontoiko berrikuntza lanak hasiko dira. Hain zuzen ere, frontoiko zorua, frontisa eta margoketa lanak egingo dira bertan. Lan hauek iraun bitartean, frontoia ez da erabilgarri egongo. Guztira 31.881,2 euroko inbertsioa egingo da bertan.

“Pilotalekua guztiz berrituko da. Orain aste gutxi argiteria aldatu zen, LED sistemara jauzi eginez. Bigarren fasea hasiko dugu astelehenean, goitik behera berrituz pilotalekua. Aspalditik datorren eskariari erantzuna emango zaio horrela eta Ordiziak merezi duen bezalako pilotalekua izango du”, zehaztu du Jon Ander Caballero, Kirol zinegotziak.

Frontoiko zoruari dagokionez, 16.279,20 euroan esleitu da Asfaltos Uribe enpresari. Konponketa lanak egingo dira, eta goiko kappa berrituko da. Bi asteko lana izango da hau.

Frontisari erreparatuz, 4.830 euroko lanak izango dira eta LEyNA enpresak garatuko du. Oso lan espezifikoa izango da hau.

Azkenik, margoketa lanak egingo dira. Pinturas Tinbaux enpresak egingo du pilotalekuaren margoketa lan osoa, 10.772 euroan. Hain zuzen ere, frontisa, ezkerreko pareta eta kontrakantxa margotuko dira.