Datorren igandean, urriak 17, jokatuko da Ordiziako mendi maratoi erdia. Irteera 08:30ean izango da, eta abiapuntua zein helmuga Larraitz izango da.

20,5 kilometroko distantzia duen lasterketa egongo da. 1250 metroko gorabehera positiboa izango du. Larraitz – Alotza – Igaratza – Alotza- Larraitz bitartean egingo da lasterketa da hau.

Lasterketan 250 korrikalarik parte hartu ahalko dute. “Ordiziak erabateko konpromisoa du kirolarekin, eta bide horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere. Halako lasterketak aukera ederra dira jendeak lehiatzeko, bere mugak ezagutzeko, eta baita ditugun ingurune paregabeak ezagutzeko ere”, nabarmendu du Jon Ander Caballero, Ordiziako kirol zinegotziak.

Izen ematea www.kronoak.com webgunean egingo da. Azalpen guztiak bertan egongo dira. Egun berean ezin izango dira izen ematerik egin. Erdimaratoian parte hartzeko 25 euro ordaindu beharko dira

1968ko ekainean Juanito Rubioren eta Jose Ignacio Eskitxabelen arteko apustu bat izan zen lasterketa honen hasiera eragin zuena, eta iaz, COVID-19aren ondorioz formatuz aldatu behar izan zen. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezartzen dituen protokoloak beteko dira.

Irteera bateratua izango da. Lasterketa baino bi minutu lehenago irekiko da irteera gunea. Musukoarekin egon beharko dira lasterkariak eta langara iritsi ondoren musukoa kendu ahalko da eta bakoitzak gorde. Helmugara iritsi bezain laister berriz ere derrigorrezkoa izango da musukoa jartzea. Kontuan hartzekoa, ez dela ez kontsigna ez dutxarik egongo, derrigorrezkoa izango dela korrikalari bakoitzak mauka luzeko xira eramatea, eta korrikalari bakoitzak bere edalontzia eraman beharko duela.

Sari banaketari dagokionez, egunean bertan sariak banatuko dira modu pribatuan (ez da publikorik baimenduko)

1. postua: 150 euro eta oroigarria

2. postua: 100 euro eta oroigarria

3. postua: 50 euro eta oroigarria

23 urte azpikoek eta masterrak oroigarriak izango dituzte.

Lasterketa mendi inguru zein lur pribatuetatik igaroko da. Ingurunea ahal beste zaintzeko, kontrol-guneetatik kanpo zaborrak ez botatzeko eskatuko zaie partehartzaile guztiei. Horretarako, 25 metrora, zabor kuboak jarriko dira. Oinarrizko arau hau betetzen ez duten korrikalariek, probatik kanpo utziko dira.