45 metroko estalpea prest dago, eta bertan kirolariek entrenatzeko aukera izango dute

“Dagoeneko amaitu dugu Ordiziako Altamira atletismo pistako estalpearen obra”, azaldu du Jon Ander Caballero, Kirol zinegotziak.

Elkarlanaren emaitza izan da lanketa. Txindoki atletismo klubeko kideek hasieratik azaldu zuten euria egiten zuenean babesteko estalitako gune baten beharra. "Guri ideia ona iruditu zitzaigun eta horregatik eraiki da estalkia", gaineratu du Caballerok. Altamirako pistaren kokapena eta forma ikusita, estalitako gunerako egokiena harmailetatik ateratzea izan da aukeratutako metodoa: 45 metroko eremu estalia eta 3 kale hartu dituena. “Pozik gaude emaitzarekin, eta nahiz eta pandemiak denbora epeetan eragina izan duen, obra amaitu da”, zehaztu du kirol zinegotziak.

Gainera, teilatua metakrilatozkoa jarri da, argitasuna mantentzeko asmoarekin. Euriaz babestutako gunea izango da, baina entrenatzeko arazorik ekarriko ez duena herritar eta kirolarientzat.

Estalkiaz gain, kanpoko eraztun bat ere eraiki da pistako azken kalean, belar artifizialarekin. Honekin espazio gehiago gehitzen da korrikalariek euren entrenamendu osoak egin ahal izateko. Horrez gain, luzera jauziko egungo korridoreetako bat pisu gunetik beste leku batera aldatu da.