Ikastaroetarako izen ematea martxoan egin zutenek asteazken honetan, hilak 16, izango dute aukera ikastaroetan izena emateko. Matrikulazio orokorra hilaren 18an zabalduko da.

Majori Kiroldegia berritu egin da eta egoera berri honetan kirol eskaintza zabala jarriko da martxan beste behin. Neurri bereziak hartuko dira, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, eta herritarren segurtasuna bermatzea izango du helburu.

Jon Ander Caballero, kirol zinegotzia: “ikastaro interesgarriak jarriko ditugu berriz ere ordiziarren eskura. Ordizian kirolak izugarrizko garrantzia du eta horren adibide da urtero izena ematen duten erabiltzaile kopurua. Guretzat oso garrantzitsua da eskaintza zabala jartzea eskura, nahi duenak nahi duen kirola praktikatzeko aukera izan dezan”.

Espazio segurua egiteko baldintzak eta protokoloak ezarri dira Kiroldegian erabilpen guztietarako, eta kirol eskaintza ere hala antolatu da.

Gauzak horrela, kirol jarduerak irailaren 28an hasiko direla aurreratu du Odilo Rivela, Majori Kiroldegiko gerenteak: “data hori da kirol ekintzen hasiera emateko aukeratutako data. Horretarako aurretik izena eman beharko da, MajoriApp-ren bidez eroso eta azkarrena. Erabiltzaileei informazioa, berriz, email bidez bidaliko zaie”.

Honakoak dira datak:

- Irailaren 16ean goizeko 7etan aplikazioak martxoan ikastaroetan parte hartzen zutenei izena emateko aukera izango dute. Lehentasuna izango dute; gako bat iritsiko zaie mugikorrera izena emateko orduan erabiltzeko. Gako hori gabe ezin izango dute izenematea gauzatu.

- Irailaren 18an izenemate orokorra irikiko da, goizeko 07:00etan. Bertan libre gelditzen diren ikastaroetan izena emateko aukera izango da.

- Izena emateko epea irailaren 23an goizeko 7:00etan bukatuko da. Jarraian, aforoengatik beharra badago, zozketa egingo da. Kasu hori gertatuko balitz, ez da izena emandako ordena kontuan hartuko eta zuzenean zozketa egingo da guztien artean.

Ikastaroak

Caballerok gogorarazi du aurten ikastaroak antolatzeko “zailtasun handiak” izan direla COVID-19aren ondorioz, baina momentu hauetan “garrantzia handia” duela kirolak: “bereziki umeentzat, gainea, eskola kirola atzeatu egin da eta ez dakigu noiz hasiko den. Odilok azalduko duen bezala, umeentzat bideratutako ikastaro berriak aurkeztuko ditugu”.

Eskaintza bi esparruetan banatu da: uretako eskaintza eta areto ekintzak. Guztietan aforoak murriztu dira, pertsonen arteko kontaktua ez dagoela bermatzeko.

Uretako ekintzen barruan, bloke nagusiena haurren igeriketari dagokio. Bi talde bakarrik arituko dira batera eta ordutegi ezberdina izango dute, batez ere, aldagelatan ez topo egiteko. Talde bat igerileku txikian arituko da (zapaburu eta dordokak) eta bestea, aldiz, igerileku handian (maila altugoko ikastaroak).

Areto ekintzak gauzatzeko hiru gela ditu gaur egun Majori Kiroldegiak, eta hori kontuan izanda, eskaintza zabaltzearen aldeko apustua egin da. “Segurtasun distantziak bermatzeko aforoak aztertu dira. Gelen araberako aforoa izango da jarduera bakoitzean”, gehitu du Rivelak.

Eskaintzari dagokionez, helduen eskaintza zabaldu eta gazteena eta umeena berritu egin dira. “Distantzia bermatzeko eta kontaktu eza egotearen baldintzak hainbat ekintza ez antolatzera eraman gaitu”, onartu du gerenteak. Era berean, baina, ekintza berriak proposatu dira adin tarte guztietako erabiltzaileek kirola egiteko aukera izan dezaten. Helduen kasuan, MajoriFiten ordutegiak ugaritu dira eta Yoga ere eskaintzen da. Gazteentzako ere kirol eskaintza zabaldu egingo da eta horregatik sortu dira Gazte Zumba eta Gazte Majori Fit berriak. Txikienak ere ez dira ahaztu, eta Majori Warriors ekintza berritzailea prestatu da. Bertan, koordinazioa, oreka, habileziak, motrizitatea… landuko dituzte txikienek; finean, oinarrizko baldintza fisikoak modu egokian lantzeko eta garatzeko aukera.

Eskuoihalak

Gauza jakina da kiroldegiko ia jarduera guztietarako beharrezkoa dela bakoitzak bere eskuoihala eramatea. Hala, Ordiziako Udalak eta Majori Kiroldegiak elkarlanean sortutako eskuoihal berri bana banatuko die bazkide bakoitzari.