PISTA BERRIA

  • Lanak amaitu berri dira eta datorren asteazkenetik aurrera erabilgarri egongo da

Amaitu dira Ordiziako Altamirako atletismo pistako berrikuntzak. Lanketa sakon baten ondoren hasi zituzten lanak maiatzean, Ordiziak bere beharretara egokitu den pista izateko.

“Asteazkenetik aurrera, abuztuak 12, erabilgarri egongo da pista berria”, zehaztu du Jon Ander Caballero, Ordiziako Udaleko kirol zinegotziak. OPSA, Obras y Pavimentos Especiales, S.A, izan da lanak egiteaz arduratu den enpresa. Lanen hasierako kostua 278.975,10 eurokoa izan bazen ere, lanak egiten ari ziren bitartean aurkitutako hainbat arazok, azkenean kostua 77.989,77 € handitzea ekarri dute.

Hasiera batean pistaren gainazala eraberritzea aurreikusten zen, oinarriaren egoera ona zela ondorioztatu zelako. Berrikuntza lanak hasi zirenean ordea, okerren zeuden oinarriaren zatiak konpontzen hasi zirenean, tenperatura altuekin ikusi zen oinarriaren azpian hezetasuna zegoela. Hezetasun hori ur geruza txiki batek eragiten zuen, beroarekin lurrundu, eta gainean duen edozer altxatzeko indarra duelarik. Horregatik, azkenean, oinarria ere berritzea erabaki da, pista oso-osoa eraberrituta.

In-situ deitzen den sistema erabiltzen du enpresa honek. Pista lautu ondoren, material berria momentuan jartzen dute, eta ondoren margotu. Pista urdin kolorekoa izango da.

Euskal Herriko eta kanpoko punta-puntako beste pista batzuk gertutik ezagutu ondoren sortu zen Altamirakoaren proiektua. Gipuzkoa osoan ez dago Ordiziako pistaren ezaugarriak dituen beste pistarik, eta horrek, une honetan Gipuzkoako erreferente bilakatu du.

Estalpe berria

Proiektu berritzailea izango da Ordizian egindakoa. Txindoki atletismo klubeko kideek hasieratik azaldu zuten euria egiten zuenean babesteko estalitako gune baten beharra. "Guri ideia ona iruditu zitzaigun, eta horregatik, eraikiko da falta den estalkia udazkenean", gaineratu du Caballerok. Altamirako pistaren kokapena eta forma ikusita, estalitako gunea harmailen azpian joango da, 45 metroko eremu estalia eta 2-3 kale hartuko dituena. Estalpe hau irailean amaitzea espero da.

Estalkiaz gain, kanpoko eraztun bat egokitu da pistako azken kalearen kanpotik, belar artifizialarekin pista osoa inguratuz. Honekin, espazio gehiago lortzen da korrikalariek euren entrenamendu osoak egin ahal izateko, 450 metro ditu kanpo eraztun honek. Horrez gain, luzera jauziko korridoreetako bat beste leku batera aldatu da, pisu gunetik gertu.

Pista zabaldu aurretik homologazioaren urratsa faltako litzateke. Prozesu horri astearte honetan emango zaio hasiera. Teknikariek materialak frogatu eta aztertuko dituzte, eta ondoren, dagozkion ziurtagiriak emango dizkiote pistari.